Kazeta

Xantako auzoan autobide-bidegurutzea eraikitzeko sinadura bilketa abian

Donibane Lohizuneko Xantako auzoan autobide-irteera bat egiteko petizioa martxan da Interneten. Instituzio ezberdinek diruztaturiko azterketa bat ere martxan da duela hiru urtetik, baina horren emaitzarik ez da jaso oraino.

Donibane Lohizuneko oposizioko Herri Berri taldea da petizioaren sustatzailea. ©HerriBerri
Donibane Lohizuneko oposizioko Herri Berri taldea da petizioaren sustatzailea. ©HerriBerri

Urteak joan eta urteak etorri, Xantako auzoan autobide-bidegurutzea eraikitzeko proiektua erregularki mahai gainean da. Donibane Lohizuneko oposizioko Herri Berri taldearen ekimenez, Urdazuri ibarreko biztanleei eta errepidearen erabiltzaile guziei zuzenduriko sinadura bilketa bat plantan emana da Interneten. Herri Berrik bidegurutzea doakoa izatea aldarrikatzen du.

Proiektu hau egiteko eskaera arrazoitzeko ingurumen eta arlo ekonomikoko hainbat erronka planteatzen dira. Erraterako, kanpainaren sustatzaileen arabera, BAB eremura doazen garraiobideak Donibane Lohizuneko egungo bidegurutzea saihestuko lukete eta hirian egunero izaten diren auto lerroak murriztuko lirateke, Urdazuri inguruetan kutsadura apalduz eta bertan bizikletentzat bideak eta garraio publikoaren erabilera sustatuz.

Badira hiru urte proiektu honentzat azterketa bat abian dela. Euskal Elkargoak, Herriko Etxeak, ASF-k eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak diruztaturiko lan honen emaitzarik ez dela jaso deitoratzen dute.