Kazeta

Ikastolen aldeko Hiruzango ibilaldia aurten Donamartirin

Ekainaren 10ean hiruna zirkuitu egiten ahalko dira bai oinez bai mendiko bizikletaz. Donamartiriko Arberoa ikastolaren hamargarren urteurrenaren karietara, aurten Urtsua mendia utzi eta Donamartirin izanen dira ekitaldiak.

Aitzineko edizioetako irudi bat, Kurutxetako bordan.
Aitzineko edizioetako irudi bat, Kurutxetako bordan.

Hazparneko Ezkia eta Donamartiriko Arberoa ikastolek antolaturik, Hiruzango oinezko eta bizikletazko ibilaldiak edizio berri bat ospatuko du ekainaren 10ean astelehenarekin. Arberoak hamar urte bete dituenez, Hiruzango Donamartirin eginen da, ez aitzineko urteetan bezala Urtsuan.
 
Antolatzaileek oinez eta mendiko bizikletaz egiteko maila ezberdineko hiruna ibilbide prestatu dituzte. Lehena hautatzen dutenek, 3, 8 edo 14 kilometroko saioa egiten ahalko dute eta bi gurpilen gainean joan nahi dutenek, 10, 27 edo 34 kilometrokoak.

Behin goiza kirola eginez eta mendiez gozatuz iragan ondotik, indarrak berritu eta bildutakoen artean memento goxo bat pasatzeko parada izanen da, 12:00etatik goiti prestatuko duten zikiro eta ostatu alaituak lagunduta.

Ibilaldien abiatzeak goizeko 8:30ean hasiko dira eta zirkuitua oinez eginen dutenek 5 euro ordaindu beharko dituzte. Bizikletaz egiteko 7 euro ordaindu beharko dira. Informazio gehiago Hiruzangoren Facebook orrialdean edo 0614243193 telefonora deituz eskura daiteke.