Ahate hazleen eta ELBren kontrako epaiketa berri bat

Domintxine eta Bidaxuneko ahate hazleak eta ELB sindikatuko presidentea heldu den ekainaren 18an epaituko dituzte Baionan. Hegazti gripea dela eta, 2017an animaliak hiltzeari uko egin izana leporatzen zaie beste behin. Egun horretarako mobilizaziorako deia luzatu dute.

Goizeder Taberna|05/06/2019 07:00|0 commment
Guz_cpelb_baiona_gfauveau-2
Ahate hazleek eta ELB sindikatuak Frantziar Estatuaren jarrera deitoratu zuten. © Guillaume FAUVEAU

Hegazti gripearen krisiaren auzian, Frantziar estatuak Euskal Herriko laborari eta hazleei garesti ordainarazi nahi die ahateak hiltzeari uko egin izana. Joan den azaroan Barkoxeko gertaerengatik Pauen epaiketa bat burutu bazen, oraingoan Baxe Nafarroako lau hazle eta ELB sindikatua ere Baionako auzitegira presentatu beharko dira. Ekainaren 18an, Jean-Michel Berho, Florence, Marc eta Alain Lataillade eta Panpi Saint-Marie ELBko idazkari nagusia DDPPren (biztanleriaren babeserako zuzendaritza departamentala) egitekoa oztopatzeagatik epaituak izanen dira. Auzia gertaeretatik bi urtera eginen dela ikusirik, auzipetuek uste dute hau botere publikoek duten amorruaren erakusle dela.

2017ko udaberrian, ehunka lagunen babesarekin prefeturak ahateak hiltzeko emandako agindua betetzeari uko egin zioten, ziur baitzeuden animaliek ez zutela neholako eritasunik. Anne-Marie Mendiboure abokatuaren ustez, bi urte geroago epaitzeak sindikatua kriminalizatzeko nahi bat erakusten du.

Tokiko arrazekin lan egiten duten hazle eta etxalde ttipien defentsaren iritziz “Estatuak ez du ereduen arteko ezberdintasunik egiten eta etxalde hauetan aplikatu ezin diren arau desegokiak, desproportzionatuak eta eraginkortasunik gabekoak inposatzen ditu”. ELBren arabera, Domintxineko eta Bidaxuneko ahateen hilketak kriaxera arrazaren ekoizpen katea arriskuan jarriko luke. Anartean, analisiek frogatu izanen lukete hegaztiek ez zutela neholako eritasunik.

Mobilizazioa epaiketaren egunean

“Denborak arrazoia eman digu”, erran du Panpi Saint-Mariek. “Etxaldeetan ez zegoen ahate eririk”. Martine Bisauta Euskal Elkargoan trantsizio ekologikoaz arduratzen den lehendakariordea, Confederation paysanne elkarteko ordezkaria eta albaitari bat defentsaren lekuko gisa joanen dira epaiketara, “modu zentzudunean aritu izan garela frogatzeko”, adierazi du sindikalistak. “Estatuak hemengo errealitatea kontuan hartu gabe hartzen ditu neurriak”, erantsi du.

Ordutik, Bidaxunen kokaturiko  “Couvoir de la Bidouzeko” arduraduna den Latailladen salmentak apaldu egin dira, krisiaren aitzineko 170.000 eurotatik 70.000 eurotara pasatuz. Haiek hornitzen zituzten Landetako ekoizlek ainitzek ekoizteari utzi diote. “Tokiko espeziak ekoiztuz berezitu nahi genuen, baina DDPPak eredu industrialari egiten dio mesede”, deitoratu du Alain Latailladek.

Paben azaroan iragandako epaiketan Cathy Chabalgoity Barkoxeko hazlea kargurik gabe libre gelditu zen, baina ELB sindikatuak orotara 7.000 euro ordaindu behar izan zituen kalte-ordainengatik. Paben egin bezala, ELBk Baionako auzitegiaren aitzinean mobilizaziorako deia luzatu du. Epaiketaren egun berean izanen da, 13:45tan hasirik.