Kazeta

Maddi Zubeldiak disko berria argitaratu du

“Zimurrak baleki” lan berria pop-folk estiloaz eta emozioari bide ematen dion musikaz ondu du konpositore eta kantari ziburutarrak. Uda honetarako bost kontzertu iragarri ditu.

 

Maddi Zubeldiak urteak daramatza musikaren munduan, sortzaile eta kantari gisa. Azken urteetan H-Eden taldearekin batera bi disko kaleratu ditu, 2013an “Hamaika aztarna” izenekoa eta 2015ean “Intimitartean”. Sortzez donostiarra den ziburutarrak oraingoan bakarkako lana ondu du “Zimurrak baleki” izeneko diskoan.

Hamalau kantuk osatzen duten diskoak, munduaren gorabeheren eta zentzugabekerien gainetik, bihotzaren melankolia eta bizitzaren oztopoen aitzinean barne indarraren berotasuna dakartza. Musikaren aldetik, Euskal Herriko zein hego Amerikar eta zelta ukituko musika herrikoia uztartu ditu kantautoreak. Kantu gehienen hitzak eta musika berak sortu badu ere, Maddi Zubeldiak hainbat bertsio ere landu ditu lan honetan, tartean Xabier Leteren “maitasunez hil”, kantu herrikoia den “itsasoa laino dago” edota Felix Lunaren hitzak dituen “Alfonsina y el mar” lan ezaguna.

Uda honetan “Zimurrak baleki” Euskal Herriko plaza eta txoko ezberdinetan aurkeztuko du Maddi Zubeldiak. Hauek dira oraingoz finkaturik diren hitzorduak: ekainaren 16an Iruñean, uztailaren 19an Azkainen, agorrilaren 4an Ziburun, agorrilaren 12an Biriatun eta agorrilaren 14an Senperen.