Kazeta

EHZren programazio osoa argitaratu dute

Iseo & Dodosound, Niña Coyote eta Chico Tornado, Willis Drummond, Koban edo Ray Fernandez kubatarraz gain, hitzaldiek, eztabaidek baita mahai inguruek ere ekainaren 28tik 30 Irisarrin iraganen den EHZren programa osatzen dute.

Aurtengo Euskal Herria Zuzenean jaialdia ekainaren 28, 29 eta 30ean antolatuko dute Irisarrin. (EHZ)
Aurtengo Euskal Herria Zuzenean jaialdia ekainaren 28, 29 eta 30ean antolatuko dute Irisarrin. (EHZ)

EHZak kalitatezko eskaintza aberats eta anitza proposatzeko xedearekin, rap, rock, pop, reggae, cumbia doinuek hiru egun horietako soinu banda osatuko dute. Musika taldeen artean, Iseo & Dodosound, Niña Coyote eta Chico Tornado, Willis Drummond edo Gari & Maldanbera, Oihan Oliarj-ines zuberotarraren Oihaneko Zühainetan eta Ray Fernandez kubatarra ere bertan izanen dira, Naiz atariak argitaratu duenez.

Zenbait taldek haien obra berriak aurkeztuko dituzte festibalean, haien artean dira Pelax, Rodeo, Alba, Ibil Bedi eta Diabolo Kiwi. Anari, Old School Funky Family, Cumbiam’bero, Liher, Manu Louis, The Very Small Orchestra, Lu Rois, Izaki gardenak, Koban, Nizuri Tazuneri, Montauk, eta Broken Brothers Brass Band izanen dira EHZ Festibalaren eszenaren jabe eginen diren gainerako taldeak.

Ikusgarri mailan, Led Silhouette dantza konpainiaren eta Toi d'abord zirkoarenak aipagarri dira. Lehenak, ‘Orbita’ ikusgarria estreinatuko du, EHZ Festibalerako propio eraturiko sorkuntza eta Gaizka Sarasola musikariaren zuzeneko konposizioek lagunduko dutena. Bertso-poteoak, txarangek, dantzak, erakusketek eta antzerkiek osatuko dute programazioa.

Aurten, «arreta berezia» ezarri nahi izan dute «hausnartzeko eta eztabaidatzeko espazio bat bermatzeari begira». Aurtengo edukiak bost ildoren inguruan osatu dira: feminismoa, besta eredua, burujabetza-autogestioa, G7-a eta migrazioa. Ildo bakoitzak hainbat hitzaldi, eztabaida eta mahai inguru izanen ditu. Tailer horietan parte hartu nahiko duten festibalariek ildoren batean izena eman beharko dute aurretik.

Era berean, Herriko plazan tailer, hitzaldi eta ikusgarri andana bat eskainiko dira familia eta bisitari guzien gozamenerako. Horrez gain, Haurren Xokoan txikienek ere aukera bikaina izanen dute ezin hobeto pasatzeko: eskulan tailerrak, puzgarriak, zirko ikastaroak, magia… 

Sarrerak 45 eurotan saltzen dira festibalaren webgunean, baina ekainaren 3an amaituko da aurreko salmentan salneurri berezi horretan erosteko aukera; izan ere, hurrengo astelehenetik aurrera 55 eurotara igoko da. Ostiral, larunbat eta igandeko eguneko sarrerak ere orduanjarriko dira salgai.

EHZ festibalaren oinarrian auzolana izanik, aurtengo edizioa posible izateko 500 «galtzagorriren laguntza» behar dute eta webgunearen bitartez izena emateko aukera ere eman dute.