Kazeta

Ziburuko lehen euskal liburu eta disko azoka antolatu dute

Baltsan elkartearen eta Argia euskarazko hedabidearen eskutik, ekainaren 1ean larunbatarekin ospatuko da literatura eta musika ardatz izanen dituen azokaren lehen edizioa.

2012az geroztik, Ziburun 60 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu Baltsan elkarteak.
2012az geroztik, Ziburun 60 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu Baltsan elkarteak.

“Tradizioa eta sorkuntza sustatu; gazte eta helduentzako euskarazko ekoizpenen aniztasunaz ohartarazi; euskaraz irakurtzeko zaletasuna garatu; Argia astekariaren 100 urteak Lapurdin ospatu; euskaraz entzun, mintzatu, ezagutu, erosi eta komentatu...”. Besteren artean, horiek dira ekainaren 1ean Ziburun antolatu den I. Euskal Liburu eta Disko Azokaren xedeak.

Ziburuko Baltsan elkarteak eta Argia euskarazko hedabideak sustaturik, euskal literaturaren eta musikaren inguruko azokaren lehen edizio hau herriko plazan iraganen da, goizeko 11:00tatik hasirik, arratseko 20:00etara.

Baltsan eta Argia eskutik harturik

Zazpi urte dira Lapurdi kostaldeko herrian Baltsan elkartea sortu zela. Ziburuko animazio sozial eta kulturalean euskarari lehentasuna emanez parte hartzeko asmoarekin abiatu zen eta besteak beste, herrian iazko Euskaraldiaren bultzatzaile izan da. Justuki, ekimen horren biharamunetan piztu zen orain eginen den azoka antolatzeko ideia eta elkarteko kideak Argia hedabidearekin harremanetan jarri ziren.

Euskarazko astekariak aurten 100 urte betetzen dituela eta, horri ere garrantzia eman nahi izan dio Baltsan elkarteak. Proiektuak 1919an Zeruko Argia izenarekin egin zituen bere lehen urratsak eta 1980an, langileak hedabidearen jabe bilakatu ondotik, Argia izatera iragan zen. Gaurko oinarriak orduan finkatu ziren, hots, ekonomia sozialeko enpresa eta hedabide independentea izatea. 

Ziburu eta euskal kultura

Lehen azokaren atarietan, antolatzaileek Ziburun euskal literaturak izan duen tradizioa ekarri dute gogora, Joanes Etxeberri Ziburukoa (1580-1665), Piarres Detcheberry (XVII. mendea), Pierre Argaiñaratz (XVII. mendea), Beñat Gazteluzar (1619-1701), Jan Battista Kamusarri Murgi (1815-1842) eta Piarres Larzabal (1915-1988) idazle ziburutarrak nabarmenduz. Egun, bilakaera horri segida ematen diote Jan Battitt Dirassar, Mikel Dalbret eta Maddi Zubeldia Arozenak.  

Musika arloan ere anitz dira musikari ziburutarrak dituzten molde ezberdineko taldeak. Bi urterik behin egin ohi den Baltsan Eguna horren islatzeko lekuko izaten da.