Kazeta

J-J. Etxeberri: “Ondotik zerbait izanen da, baina ez gehiago Müsikaren Egüna”

30 urte bete dira Xiberoko Urdiñarbe herriak udaberri oroz Müsikaren Egüna hartzen duenetik. Ekainaren 7tik 9ra eginen dira kontzertu eta ikusgarriak. Alta, hainbeste edizioren ondotik, aurtengoa azkena izanen dela iragarri dute. Bere hastapenetik ekimenaren antolaketan den Jean-Jacques Etxeberrik 2019ko egitaraua presentatu dio MEDIABASKi, eta baita festibalari bukaera emateko arrazoiak azaldu ere.

Müsikaren Egünak Urdiñarben jende andana bat biltzen du urtero. ©Bob EDME
Müsikaren Egünak Urdiñarben jende andana bat biltzen du urtero. ©Bob EDME

Ezagutzen ez dutenentzat, Müsikaren Egüna festibala aurkezten ahalko zenuke?

Müsikaren Egüna duela 30 urte hasi zen festibal bat da. 1983an Urdiñarben sorturiko Bil Xokoa elkarteak eraman du aitzinera. Nolabait, gazteek besta komite bat utzi zuten, baina guzientzat idekia eta urririk izanen zen ekitaldi bat sustengatzen segitu nahi zuten. Memento hartan, ezagutzen genituen artista batzuk gomitatuak izan ziren musikaren inguruan egun bat animatzeko. Herriko biztanleak elkar ezagutzeko aukera eman zuen besta arratsalde sinple batekin hasi zen.

Bil Xokoa beti izan da eta da elkarte militante bat. Festibala horregatik sortu zen oinarri batzuekin. Kultura guzien festibal herrikoi gisa presentatua da, euskal kulturaren eta euskararen defentsari leku berezia eginez. Emeki-emeki, Bil Xokoa elkartea azkartu egin zen eta herriko denda ttipi bat izandakoan egoitza ere jarri zuen.

Festibalak garapenik izan al du?

Prefosta. Garapen bat ukan du, laster hiru egunera hedatu zen eta beti artista eta bisitari gehiago erakarri ditu. Nazioarteko taldeen parte hartzeari esker zerbait ezberdinean bilakatu da. Kultur identitateen arteko topaketek euskal kultur munduaren eta beste eskualde edo herrialdeetakoen arteko elkartrukatzeak garatzen lagundu dute. Okzitania, Korsika, Bretainia, Irlanda, Eskozia, Italia, Espainia, Belgika edo afrikar kontinentekoekin, erraterako.

Festibalak Euskal Herriko eta munduko taldeak erakartzen ditu, baina ez da horretara mugatzen. Hiru egun horietan eztabaidak izaten dira, antzerkia, bertsolariak, apairu herrikoiak, dantzak eta beste hainbat animazio. Euskal Herriko Laborantza Ganbararen zergatiaz eta kultura eta kirolaren arteko loturaz mahai inguruak antolatzen dira. Müsikaren Egüna kari, hainbat ekimen sortu izan dela nabarmendu nahi nuke ere.

Festibalak tokiko dinamika bat plantan eman du. Konparazio batera, 25. urteurrenean “sormenerako 25 oren” ekimena egin genuen. Xiberoko bederatzi herritatik jindako gazte taldeak proiektuen alde 25 oren segidan lan egitera engaiatu ziren. Batzuk xaboia eginez, besteak Camou bainuei ekiten, musika talde bat ere sortu izan zen. Azken hogeita hamar urteetan gauza ainitz sortu dira, batzuk ezohikoak.

Aurtengo Müsikaren Egüneko egitaraua azaltzen ahal zenuke?

Hogeita hamargarren edizioaren egitaraua bereziki aberatsa da. Ekainaren 7an hasiko da, 20:30ean Chistera jatetxean. Herriko gazteek urte honetako maskaradari loturik ikusgarri satiriko bat presentatuko dute. Dantza eta herri antzerkiaren arteko nahasketa bat izanen da. Ondotik, publikoak lau bertsolariren emanaldia segitu ahalko du. Bilboko Tartean konpainiaren “Ez dok hiru” ikusgarria ere ikusi ahalko da. Euskal musikaren historiaren inguruko antzerki ironiko eta absurdoa da. Bi aktorek parte hartzen dute: Mikel Martinezek eta Patxo Telleriak. Gaualdia Müsikaren Egünaren 20. edizioan sorturiko Musik´alde txarangak hetsiko du.

Larunbateko egunari Gau Eskolak antolaturiko sukaldaritza txapelketarekin ekingo zaio. Arratsaldeko 15:00etan hasiko da herriko plazan. Parte hartzea urririk da, baina aitzinetik izena eman behar da. Plater irabazlea 18:00etan ezagutaraziko du epaimahaiak. Sukaldariak lanean ari diren bitartean, ikusgarri ezberdinek segituko dute. Lehenik, Tokia konpainiaren “Les Frères Grooming” lana iraganen da. Musikari dagokionez, Giro Swing, Tres Hombres eta Tefalo taldeek herrian zehar joko dute. Adin guzietarako aktibitateak proposatuko dira: besteren artean, puzzle erraldoi bat izanen da, egurrezko jokoak, liburutegi iragankor bat, yoga saioak edo karrikako artea. 19:00etan, aperitifarekin batera, sukaldaritza txapelketan prestaturiko platerak jastatu ahalko dira. 20:30tatik goiti, Niko Etxart, Anje Duhalde eta Joseba Tapia nehoiz ikusi gabeko kontzertuan bilduko dira. Donibane Garaziko gazte batzuk osaturiko Alba taldeak emanen du segida eta Ezpela gauaren bukaera txarangak animatuko du.

Urteurrenaren edizio hau hesteko, igandeko egitaraua ere betea heldu da. Goizeko 11:00tatik aitzina, Oilarrak bertsu eta txalaparta ikusgarri bat eskainiko du herriko plazan. 12:00etan, herriko karrikak animatuko dituzten Triki, Ezpela eta Taraf Goulamas gazteen dantza eta gaita emanaldiaren txanda izanen da. 13:00etan, ikastolak prestaturiko bildots bazkariaren tenorea izanen da. 11:00etatik eman ahalko da izena eta kasu, fite bukatzen baitira lekuak! 14:00etatik aitzina kontzertuak iraganen dira: Kill Your Idols, Chromb!, Poil, A-Wa, Ghetto Kumbé, J-Zbel edo Gwynn Wurst. Ikusgarri hauetarako sartzea bereziki parte hartzailea izanen da. Bukatzeko, gaueko 23:00etan “C´est le Pompon”-en suek hetsiko dute festibala. Gehiago nahi dutenentzat, Coucou des Bois-ekin gaualdia segitu ahalko da.

Festibalaren azken edizioa izanen da aurtengoa. Zeintzuk dira arrazoiak?

Neurri batean, festibala bere arrakastaren biktima izan da, Bil Xokoarentzat antolaketa geroz eta pisutsuagoa bilakatu baita. Egitaraua, dosierren antolaketa, finantzamendua edo laguntzen bilaketa: edizio bakoitzeko antolaketak urtebete inguru ematen du, bereziki boluntarioa delako eta soilik Urdiñarbeko herrian. Ekitaldia baino hamabost egun aitzin ehun lagun laguntzeko prest badira ere, elkartera batzen diren pertsona berrientzat egunerokoan hertsagarria izaten ahal da. Egitaraua “azkarra” dela erran behar da.

Finantzamenduaren aldetik, zailtasunak ditugu. Hogeita hamar urtez sartzea urririk mantendu badugu ere, agerikoa denari egin behar diogu aurre: filosofia hau bukaerara heldu da, bereziki halako kalitatea duten emanaldiak kontuan harturik.

Müsikaren Egünaren ondotik beste zerbait izanen da?

Prefosta. Zerbait izanen da, baina ez da Müsikaren Egüna izanen. Elkarteak beste norabide batzuk hartuko ditu orain. Gazteria gure segida hartzeko prest da, motibaturik. Antolaketa aldetik arinagoak izanen diren animazioak iraganen dira, urte osoan zehar. Nahiago izan dugu 30. urteurrena azkena izatea, festibala gainbeheran sartzen utzi gabe.