Kazeta

Josu Urrutikoetxearen atxiloketa karrikan salatu dute

EH Baik deiturik, atzo arratsean elkarretaratzeak egin ziren Ipar Euskal Herrian. Manifestariek frantziar eta espainiar estatuek bake prozesuaren kontra duten jarrera deitoratu zuten. Anartean, Josu Urrutikoetxea Bonnevilleko kartzelan sartu zuten, Pariseko auzitegira eraman aitzin.

EH Bai deiturik, Baionan suprefeturaren aitzinean mobilizatu ziren. © Guillaume FAUVEAU
EH Bai deiturik, Baionan suprefeturaren aitzinean mobilizatu ziren. © Guillaume FAUVEAU

Euskal jendarteko sektore anitzek ETAko kide izandako Josu Urrutikoetxearen atxiloketa gatazkaren konponbide prozesuaren kontrako erasotzat hartzen dute. Hori bera islatu zuten atzo Euskal Herria Baik deiturik elkarretaratzeetan mobilizaturiko 160 pertsonek.

“Aski da! Bake prozesuaren kontrako sabotajea gelditu” mezua irakurri ahal izan zen Baionan (80 lagun), Donibane Garazin (50) eta Maulen (30). Azken hamarkadetako negoziazio ezberdinetan partaide izan den eta ETAren desegitearen agiria irakurri zuen kide historiko ohiaren atxiloketak haserrea eta ulertezintasuna eragin ditu militante abertzaleen artean. “Josu Urrutikoetxea bake justu bat indarrean jartzeko ekarpena egin duen euskal herritar horietariko bat da”, adierazi zuten Anita Lopepe eta Garbiñe Eraso EH Baiko ordezkariek, Urrutikoetxearen atxiloketa salatu eta bere askatasuna exijitu zuten bitartean.

Haien ustez, gisako gertaerak euskal jendarteak gatazka gainditzeko duen borondatea eta estatuek errepresioarekiko duten obsesioaren arteko kontrastea erakusten du. “Bi estatuek ez dute testuingurua kontuan hartzen eta ez dituzte euskal jendartearen gehiengoak bake prozesuaren garapenerako desio dituen neurriak hartu” erran zuten irakurritako agirian. Anartean, politikari espainiarrak operazioaren arrakastaz adierazpenak baizik ez zituzten egin. Jarrera hauek “irabazle-galtzaile” eskeman kokatu zituen EH Baik.

Logika hori saihestu eta gatazkaren konponbidean aitzinera egiteko engaiamendua berretsi zuten Lopepek eta Erasok: “Batzuk bake prozesua oztopatu nahi badute, guk ez dugu amore emanen”. Borondate hori ekainaren 8an erakusteko deia egin zuten, Biarritzen Bakea Bideak eta bake artisauek deituriko giza katean parte hartuz.

Justuki bake artisauek ere Urrutikoetxearen atxiloketa onartezintzat jo zuten, gaurko testuinguruan iraina dela adieraziz. “Frantziar eta espainiar estatuek ez dituzte modu arduratsuan hartzen azken zortzi urteetan egin diren aitzinamendu erabakigarriak”, idatzi zuten Twitter kontuan.

Jean-Guy Talamoni Korsikako Asanbladako presidenteak ere sare sozialak erabili zituen honakoa errateko: “Euskal Herriko bakegilea den Josu Urrutikoetxeari nire sustengua ekartzen dut”.