Kazeta

Kezkarako datuak, Les Bascosek eraso homofoboez egin inkestan

Les Bascos LGBT+ elkarteak hiru hilabetez sarean egin duen inkestan 452 pertsonek parte hartu dute, horietarik 247 Euskal Herrian. Erasorik gehienak karrikan edo espazio publikoan izaten badira ere, ondorioek diote %25 eskolan gertatzen direla eta %13,2 kirol eta aisi jardueretan.

Les Bascos elkarteak homofobiaren kontrako sentsibilizazio lanaren garrantzia nabarmendu du. © Guillaume FAUVEAU
Les Bascos elkarteak homofobiaren kontrako sentsibilizazio lanaren garrantzia nabarmendu du. © Guillaume FAUVEAU

Eraso homofoboen inguruan Frantziar estatu mailako inkesta baten emaitzak publikatu berri diren honetan, Baionako Les Bascos elkarteak Euskal Herrian eta Biarnon urtarrilaren 7tik martxoaren 15era egindako inkestaren berri eman du aste honetan.

Euskal Herrian eraso hauek jasaten dituzten biktimen %13ak “soilik” eskatzen du elkarteen laguntza. “Pixka bat dezepzionaturik sentitzen gara”, erran du Beñat Gachen presidenteak. Halere, Ipar Euskal Herriko LGBT+ elkartea aski ezaguna eta identifikagarria dela uste du, baina sentsibilizazio eta prebentzio lana azkartu behar dela dio. Ildo horretan, behategi bat sortzearen beharra azpimarratu du, Euskal Elkargotik harago, Departamendu osorako. Dirudienez, proiektua gogoeta fasean da.

Euskal Herrian 247 pertsonek bete dute proposatu zaien galdetegia, horietarik %51 emazteak direlarik. Inkestatuen herenak dio noizbait diskriminatuak izan direla eta abantzu erdiak erasoren bat ikusi izan duela. Erasogileak nagusiki gizonezkoak dira.

Emaitza kezkagarri hauek eskuartean izanik ere, inkestaren arabera, eraso hauen %9 soilik salatzen da. Testuinguru profesionalean, %25 deseroso sentitzen da eta gazteen artean 142tik 54k (herenak) eskola eremuan duten ezinegona adierazten dute.

Sentsibilizazioaren garrantzia

Les Bascos elkarteak inkesta urtero egin nahiko luke. “Ezin dugu erran homofobia emendatu denik, lehen aldia baita gisako inkesta bat egiten dugula”, erran du Beñat Gachenek. “Baina egoera hor da, existitzen da eta erreala da. Usu hutsaldu egiten da, baita biktimen aldetik ere”.

Elkarteak kirol eremuan eragin nahi du. “Klubek kontzientzia lana egin dezaten plan bat abian jartzea da ideia”, jarraitu du presidenteak. Aviron Bayonnais (AB) klubarekin harremana egin dute eta heldu den sasoian sentsibilizazio kanpaina bat egiteko prest litzateke, udan zehar ekintza azkar bat eginez. Biarritz Olympique (BOBP) ildo berean legoke, Jean-Baptiste Aldige bere presidenteak Les Bascosi telefonoz erran dionez.

Beste eremu sentsible bat erbesteratuena da. Hego Euskal Herriko Gehitu (Donostia) eta Aldarte (Bilbo) elkarteekin lankidetzan, ekainaren 20an ekintza bat eginen dute eta 22an “mugarik gabeko harrotasuna” aldarrikatuko dute antolatu duten martxan. Aitzinetik, maiatzaren 17an 19:00etatik goiti Les Bascosek gaualdi bat antolatu du Baionako L’Atalante zinema gelan. “Coming out” dokumentala proiektatua izanen da, Denis Parrot zuzendariaren presentziarekin.