Kazeta

Bestetan euskararen erabilera azkartzeko tresna berria martxan

Baiona-Angelu-Biarritz hiri eremuan euskararen alde lanean diharduen Mintzalasai elkarteak besta munduan euskararen erabilera bultzatzeko eta edozein ekitaldi motari egokitua den kit integral bat sortu berri du.

Bestetan euskararen erabilera azkartzeko tresna berria eskuragarri dute besten antolatzaileek.
Bestetan euskararen erabilera azkartzeko tresna berria eskuragarri dute besten antolatzaileek.

2012tik Baiona-Angelu-Biarritz (BAB) hiri eremuan 50 eragile biltzen dira Mintzalasai elkartean. Uda eta bestak ate joka direlarik, euskararen ezagutza, erabilera eta sustapena ardatz hartzen duen dinamikak eskaintza berri bat egin du. Bestetan euskararen erabilera azkartzeko kit integral bat proposatu du.

Tresna berri honek euskarri pedagogiko ainitz eskaintzen ditu: iruditegi eta lexiko aldetik, edatekoa eta jatekoa eskatzeko; afixak, prezio eta produktuak bistaratzeko; fitxa praktikoak, laguntzaileek publikoaren harrera euskaraz egiteko; edota “Ahobizi” eta “Belarriprest” txapak jendeen arteko solasak errazteko. Euskarriak Mintzalasai elkartearen web ataritik deskargatzen ahal dira.

Euskal Elkargoak ekimenarekin bat egin du eta Ipar Euskal Herriko besta komite guziek izanen dute kita eskuratzeko aukera. Horretarako, besta antolatzaileek instituzioak Xiberoan, Garazi Baigorrin, Errobin, Errobi Aturrin eta Hego Lapurdin eta Baionan dituen gune nahiz egoitzekin harremanetan jarri baizik ez dute.

Datozen hitzorduak

Mintzalasaik beste bi egitasmo ere iragarri ditu. Ekainaren 1etik 15era euskara ikasten ari diren helduei zuzendutako mintzapraktika saioak eginen dira BAB hiri eremuan. 550 herritar horiek euskara praktikatzea eta euskaldunekin partekatzea izanen da ekimenaren xedea.

Bestalde, urtero egin ohi den Mintzalasai festibalaren datak iragarriak izan dira jadaneko. Aurtengo edizioa irailaren 23tik 29ra ospatuko da, ohikoa den bezala, egitarau anitz eta zabala aurreikusten delarik.