Baionako IkerGazte kongresurako matrikulazio epea zabalik

Maiatzaren 27tik 29ra eginen da IkerGazte kongresua Baionan eta jadaneko matrikulatzeko epea zabaldu dute, maiatzaren 17ra arte. Aurten 100 artikulu baino gehiago jaso dituztela iragarri dute.

Kazeta|07/05/2019 13:50|0 commment
Ber_ikerzentroa_baiona_gfauveau01
Zenbait tailer eta saio osagarritan jende kopurua mugatua izanen da. © Guillaume FAUVEAU

Egitarau betearekin heldu da IkerGazte kongresuaren 3. edizioa. Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Iker zentroak antolaturik, nazioarteko ikerkuntza euskaraz sustatzea xede duen hiru eguneko ekitaldia maiatzaren 27tik 29ra eginen da IUT Baionako Unibertsitatean. Saio guziak goizeko 9:00etan hasiko dira eta arratsaldeko 18:00ak arte iraunen dute, orotara 24 oreneko barnetegi formatua duen kongresua osatzeko.

Hitzaldi nagusiak goizetan iraganen dira, lehen egunean CNRS-Bordeleko Unibertsitatean ikerketa buru eta Bergeneko Unibertsitatean irakasle den Francesco d'Erricok galdera honi erantzungo diolarik: “noiz agertu ziren gaur egungo gizakion antzerako gaitasun kognitibo eta kulturalak gure espeziean?”. Bere ondotik, Jesus Mari Txurruka EHUko irakasle eta ikertzaileak “Done bare. Barearen 10 dohaiak ikergai gisa” mintzaldia eskainiko du.

Maiatzaren 28an Gwerfyl Win Roberts Barngor Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak Galesko perspektibatik, diziplina anitzeko ikerkuntzak osasunean hizkuntza gutxituen hobekuntzan bete dezakeen papera aztertuko du. Egun bat geroago, Josu Martinez EHUko ikus-entzunezko komunikazio saileko ikerlari eta irakasleak “Egile izengabeen irudi ikusezinak existitu ere egiten ez den herri batendako” mintzaldia eskainiko du.

Tailerrak eta saio osagarriak

Hitzaldi orokorrez gain egunero izanen dira bestelako hitzaldiak eta tailerrak. Askotariko gaiak landuko dituzte, hala nola: LaTeXekin artikuluak, tesia eta dokumentu zientifikoak sortzea; prozedura feministak: argitalpen zientifikoetarako mapen sorkuntza; datuak ikusarazteko infografia; ikerkuntzan kontuan hartu behar diren gako juridikoak eta akademiatik harago ikerketa nola garatu.

Saio osagarriei dagokienez, parte hartzaileei Baionatik itzuli bat proposatuko diete. Ipar Euskal Herriko dinamika ezberdinak ere landuko dituzte, horien artean, herri eta gazte mugimenduak. Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta ESTIA Ingeniaritza eskola lehen eskutik ezagutzeko ateraldiak ere izanen dira.

Informazio xeheagorako eta izena emateko klikatu hemen. Epea maiatzaren 17ra arte luzatuko da.