Euskal presoen kultur sormena Senpereko Larraldean

Heldu den maiatzaren 3tik 19ra Zorroztarri erakusketa ikusgai izanen da Senpereko Amotze auzoko Larraldea etxean. Hiru euskal presok harriz egindako eskulturaz eta bertsoz osaturiko lana lehen aldiz erakutsiko da Ipar Euskal Herrian.

Kazeta|29/04/2019 07:30
Tafalla
Aplikazio batek bertsoak presoen ahotsean mugikorrean entzutea permititzen du. #zorroztarri

Sakabanaketak ezartzen duen distantzia gaindituz, 2017an Zigor Merodio, Alaitz Areitio eta Yon Troitiño euskal presoek indarrak batu zituzten Zorroztarri izeneko erakusketa sortzeko. Egun, Mont-de-Marsan, Rennes eta Murtzian preso dira hiru euskal herritarrak. Merodiok landutako harrizko 19 eskultura dira erakusketaren ardatza eta Areitiok eta Troitiñok bertsoak sortu zituzten. Edu Martinez argazkilariaren ekarpena ere ukan zuten hiru presoek.

Ipar Euskal Herrian lehen aldiz erakutsiko da erakusketa. Maiatzaren 3tik 19ra izanen da, Senpereko Amotze auzoan den Larraldea etxean. Lehen egunean, ostiralarekin eginen da aurkezpena, arratsaldeko 19:00etan.

Hiru presoek Ipar Euskal Herrian dituzten hainbat lagunek sustaturik, XVI. mendeko etxearen ateak ostegunetatik igandeetara egonen dira idekita, asteko egunetan 17:00etatik 20:00etara eta asteburukoetan 16:00etatik hasita. Maiatzaren 8a besta eguna izanki, asteburuetan bezala bisitatzen ahalko da.

Bestalde, Hendaiako Mendi Zolan kultur gunean ere izanen da ikusgai, maiatzaren 22tik goiti.

Zentsura ezagutu duen ekimena

Antolatzaileek zabaldutako oharrean azpimarratzen denez, presoak sakabanaturik eta baldintza gogorretan egonik ere, “pertsona izaten segitzen dute, militante politiko, baina baita eskultore, bertsolari, margolari, idazle edo musikari ere”. Zentzu horretan, Hego Euskal Herrian herri mugimenduak, herriko etxeek eta herritar ainitzek sormen lana presondegietako harresietatik herrira ekartzeko egindako ahalegina txalotu dute.

Badira, haatik, euskal presoen kultur sormena espetxeko murruen barnean gelditzea nahi luketen eragileak. Zorroztarri erakusketarekin gertatu izan da. Zehazki, 2018ko uztailean Donostiako ospitalean eta urte bereko urrian Basurtokoan debekatu zuten artelana erakutsia izatea.