Kazeta

Maiatzaren 1a: indarrak batzeko urrats berria

Hainbat eragile sozialekin batera, LAB eta CGT sindikatuak lehen aldiz elkarrekin mobilizatuko dira Langileen Nazioarteko Egunean.

Lehen aldiz CGT eta LAB elkarrekin mobilizatuko dira maiatzaren 1ean. © Guillaume FAUVEAU
Lehen aldiz CGT eta LAB elkarrekin mobilizatuko dira maiatzaren 1ean. © Guillaume FAUVEAU

Aurtengo maiatzaren 1a berrikuntzarekin heldu da. Duela aste batzuk LAB sindikatu abertzaleak eragile sozialen eta sindikatuen artean maiatzaren 1ean mobilizazio bateratua egiteko proposamena egin ondotik, Baionan hainbat eragile elkarrekin aterako dira karrikara.

LAB eta CGT sindikatuez gain, Bizi! mugimendua, M1 altxa! taldea eta Egiazko Berdintasunaren Alde kolektiboa ere mobilizazioaren sustatzaile dira. Bi sindikatuak elkarrekin mobilizatzea urrats nabarmena da, azken urteetako desmartxa kontuan izanik. Alta, Lapurdiko hiriburuan lortu den batasuna ez da Mauleko mobilizazioan islatuko, CGTk LABekin lankidetza egiteari uko egiten baitio oraino.    

Baionako mobilizazioaren deitzaileek salatzen dutenez, aberatsak geroz eta aberatsago dira eta pobreak pobreago. Hori dela eta, aldaketa erradikala galdegiten dute, herritar guzien interesak erdigunean jartzeko. Mahai gaineraturiko gai nagusien artean, klima aldaketari buru egiteko politika, zerbitzu publikoen mantentzea, munduko langile guziendako eskubide berdinak, gazteendako politika soziala eta emazte eta gizonen arteko berdintasuna daude.

CFDT sindikatuak ez du deialdi honekin bat egin eta Frantziar Estatu mailan erabakitako moldeari atxiki zaio. 19 erakunderekin batera, ekologia eta sozial ikuspegitik aitzinatzeko agiri bat izenpetu du eta maiatzaren 1ean “herrixka” bat antolatu nahi du Baionan.