Aldarrikapenak entzunaraziko dituen Herri Urratsen egitaraua prest

Elkartasun besta bat izateaz gain, Seaskak aldarrikapenak entzunarazteko baliatuko du maiatzaren 12an Senperen iraganen den Herri Urrats. Antolatzaileek Baionako kolegioa eta lizeoaren alde joko duen bestaren egitaraua aurkeztu dute.

Kazeta|25/04/2019 07:40|0 commment
Guz_herriurrats_baiona_gfauveau1
Herri Urratsen antolatzaileek agerraldia egin dute, Baionan. @Guillaume FAUVEAU

Herri Urrats bestan biltzen dituen etekinei esker Seaskak 31 ikastola, 4 kolegio eta lizeo bat ireki ahal izan ditu. 1984az geroztik ospatzen den bestan lortutako diruak Iparraldeko Ikastolen Federazioaren parte diren ikastolen eraikinen garapena eta mantenimendua ziurtatzeko baliatzen ditu bereziki Seaskak, Naiz atariak azaldu duenez.

Hurrengo maiatzaren 12an ospatuko den Herri Urratsek Baionako Kolegioa eta Lizeoaren aldeko laguntza biltzea izanen du helburu.

Izan ere, Seaskak oroitarazi duenez, Herri Urrats ez da soilik besta bat, baizik eta ikastolen eguna da. Nabarmendu duenez, «elkarretaratze horretan Euskal Herri osoko milaka lagun biltzen dira Ikastolen eredua ospatzeko, euskal kulturarekiko atxikimendua erakusteko eta euskarari zor zaion tokia aldarrikatzeko».

Azken hilabeteetan frantses Gobernuak zalantzan eman du euskarazko murgiltze eredua, besteak beste horren zabalpena eredu publikora «konstituzioaren aurkako» dela erranez. Seaskarekin lotzen duen akordioa berritzeke dauka oraindik Parisek.

«Ez gaitezen engainatu, murgiltze eredua suntsitu nahi du Frantses Gobernu jakobinoak, esperimentazioak geldituz publikoan eta ikastolei garapenerako postuak ukatuz», salatu du Paxkal Indok Herri Urrats aitzin zabalduriko mezuan.

Era berean, Parisko Gobernuak euskarazko hezkuntzarekiko agerturiko jarrera erasokorrari aurre egiteko dei zehatza luzatu die Seaskako lehendakariak euskal hautetsiei. Euskalzaleei, berriz, Senpererat joateko gonbidapena luzatu die.

Egunean zehar animazio frango

Baionako Etxepare lizeoan eginiko agerraldia, Herri Urratsen antolatzaileek, bestalde, aurtengo edizioaren egitaraua ezagutzera eman dute.

Egun osoan zehar, animazio anitz antolatu dituzte, maiatzaren 12an Iparraldeko ikastolei sostengu ematera Senperera hurbilduko diren milaka euskalzaleei egun zoragarri batez gozatzeko parada eskaintzeko asmoz.

Araba, Lapurdi eta Gipuzkoa guneetan bananduriko haurrendako xokoak, alde batetik, eta hondartzan antolaturiko erronkek, bestetik, umeei zein gurasoei ongi pasatzeko aukera eskainiko diete. Bertan ikusgarriak, joko kooperatiboak, puzgarriak eta beste tailerrak proposatuak dira egun osoan zehar.

Zarena zarelako gazteek eta Herri Urrats kantuz-ek alaituko dute Xiberoa gunea. Lapurdi gunean, bertsolariak eta musika tradizionala protagonista izanen dira. Araba gunean, berriz, Manez eta kobreak, Alide Sans, Errit'mo eta Liher taldea arituriko dira.