Kazeta

Memoria berreskuratu nahi duen oroitarria Saran

Sarako Herriko Etxeak, Lapurdi 1609 elkartearekin lankidetzan oroitarri bat eraiki du XIX. mendean Europako inperio ezberdinen arteko gerlek Euskal Herrian eragindako suntsiketak oroitzeko. Apirilaren 22an eginen dute oroitarriaren estreinaldi ekitaldia.

Sarako herria memoria berreskuratzeko lanean ari da. wikipedia.org
Sarako herria memoria berreskuratzeko lanean ari da. wikipedia.org

XIX. mendean ohikoak ziren Frantziaren, Espainiaren, Portugalen edo Ingalaterraren arteko gerla eta gatazka inperialistak. Horiek guziek sarraskiak eragin zituzten han eta hemen, Euskal Herrian barne. Preseski, 1813 eta 1814 artean Napoleonen tropek suntsituriko bazterrak oroitzeko eta gertakari lazgarri hauen memoria berreskuratzeko xedea duen oroitarria estreinatuko da Saran.

Oroitarria jadaneko eraikia izan da, Herriko Etxearen eta Lapurdi 1609 elkartearen arteko lankidetzari esker, Gara egunkariak argitaratu duenez. Estreinaldia apirilaren 22an izanen da, 12:30ean Sarako erdigunean den Suharriagako parkean. Anje Duhalde kantariaren, Sarako Zazpiak Bat dantza taldearen eta bertsolarien partaidetza iragarria da.

Sarako idazleen biltzarraren 36. edizioaren egitarauaren barnean kokatzen den ekitaldian, herri ezberdinetako auzapezak eta hautetsiak ere bilduko dira, antolatzaileek azpimarratu dutenez “instituzioen eta herri mugimenduaren kideez osaturiko ekitaldia” izateko xedez.