Tabernako bakarrizketa, Altzürüküko Xiru festibalean

Altzürükün Patxo Telleriak zuzendutako eta Mikel Martinezek antzezturiko “Tabernaria, instrukzioak botatzeko ondo bat kaña” bakarrizketa ikusteko aukera izanen da apirilaren 19an, Xiru festibalaren barnean.

Kazeta|15/04/2019 09:13|0 commment
Donostia
Mikel Martinez antzezten, otsailean, Donostiako elkarte batean. (TARTEAN Teatroa)

Garagardoak zerbitzatzen trebea da tabernaria. Tratuan diskretua eta atsegina, usaiaz. Baina usu ohartu ez arren, ainitz badu errateko barraren gibelean izaten den horrek. Trantze horretan murgiltzen da Tartean Teatroa konpainiak egin eta Loraldiaren laguntzarekin kalean den “Tabernaria. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña” antzezlana. Bakarrizketa da, formatu ttipikoa, 30 minutuko iraupena duena. Ikusleak oso gertutik biziko du tabernariaren arrangura.

Ikusgarria heldu den apirilaren 19an gaueko 21:00etan ikusi ahalko da, Altzürüküko Xiru festibalean. Mikel Martinezek antzezturik, tabernariak bere ohiko bezeroak bilduko ditu garagardo bat ongi botatzen duelako erakusteko. Baina bakarrizketa aitzina joan ahala, bere desirak, zalantzak eta beldurrak agertuko dira.

Patxo Telleria obraren idazle eta zuzendariaren arabera, tabernaria “gizon zintzoa da, agian kontzientzia sozial gehiegirik gabea”. Alta, lanbidea, frustrazioa, maitasuna, turismoa, lan baldintzak, mundu zaharra eta berria... gisa horretako gogoetak plazaratuko dizkie bere bezeroei. Mikel Martinezek, bere aldetik nabarmendu du batzuetan sumatu duela pertsonaiak dioenarekiko “onespena” izaten dela publikoaren aldetik, “irribarrez eta samurtasunez”.

Antzezlanak badu beste ezaugarri bitxi bat ere, istorioa kontatzeko moduari dagokiona, hain zuzen. Atzetik aurrera kontatua baita. “Dramaturgo bezala ariketa hori egin nahi nuen. Askotan bukaeran dago giltza, eta, nik, kasu honetan, alderantziz kontatzearen dramaturgia ariketa egin nahi nuen”, azaldu zuen Patxo Telleriak Garak argitaratzen zuen Gaur8 gehigarrian.