Aldaketez josia heldu da Sarako Idazleen Biltzarra

Apirilaren 22 eta 23an ospatuko den Sarako Idazleen Biltzarra aldaketa berriekin heldu da. Aurtengo 36. edizioaren bigarren eguna asteartea izanen da, literaturari loturiko profesionalei zuzendua. Mintzaldi eta ekitaldi artistikoez gain, 125 egilek, 27 argitaletxek eta 11 elkartek hartuko dute parte.

Idoia ERASO|11/04/2019 13:51|0 commment
Gar_sarakoidazleenbiltzarra_baiona_gfauveau2
«Euskarazko literatura helduentzat» izanen da profesionalei zuzenduriko egunean jorratuko den gaia. ©Guillaume Fauveau

Ipar Euskal Herrian, literaturaren hitzordu garrantzitsuena da Biltzarra. Hala ere, antolatzaileek egitura zaharkitua zela ikusirik, eta jende gaztea erakartzeko zailtasunaz ohartuta, egitura eraberritzea erabaki zuten duela hiru urte. Birmoldaketak arrakasta handia izan du, eta hasitako bidean egokitzapenak egiten ari dira, ahalik eta jende gehien erakartzeko, eta euskal literaturaren tokia handitzeko, Garako artikuluak azaldu duenez.

Antolatzaile elkarteko idazkari Patrick Pepinek horrela azaldu zuen desmartxa: «Urtero harri berri bat ematen dugu. Konturatu ginen igandea ez zela egunik egokiena, baina bi egun izatea nahi genuenez, Biltzarra profesionalentzako egun batekin osatzea bururatu zitzaigun».

Astearteko antolakuntzan, Sarako Biltzarra elkartearekin batera, Euskal Kultur Erakundeak, Bilketa funtsak eta departamendu mailako liburutegi sareak parte hartzen dute. Kide berria da Bilketa, eta funtseko arduradun Marie-Andre Ouretek «partaidetza-eguna» dela esan zuen. Aldi berean, mugaren bi aldeetako profesionalei zuzenduta dagoela ere nabarmendu zuen: «Publikoa Ipar eta Hego Euskal Herrikoa izatea nahi dugu, profesionalen arteko harremanak sortu edota zabaltzeko».

Ildo horretatik, Donostian egoitza duen Euskal Idazleen Elkarteak bere izaera eta definitzen duten lan ildoak ezagutaraziko ditu elkarteko lehendakari Garbiñe Ubedaren eskutik. Peru Iparragirre, poeta eta literatur-kritikaria, idazle izaeraren inguruan mintzatuko da ondoren.

Liburutegi, liburu-denda eta argitaletxeetako arduradunak, irakasle eta ikasleak, editoreak eta idazleak... literaturaren inguruan zeresana duten profesionalak bildu nahi dituzten egunean, parte hartzaile ezberdinen arteko topaketa eta trukaketa unea aurreikusi dute 11.45etan.

Aldi berean, egungo zio garrantzitsuena landuko dute arratsaldeko mahai-inguruan: “Irakurketa euskaraz nola sustatu?”. Maider Bedaxagar, Peio Duhalt, Lierni Elorza, Lucien Etxezaharreta eta Gilles Riviere ariko dira horretaz.

Astelehena egun nagusia izaenen da aurten ere, eta ohiko programazio aberatsa atzemanen da. Liburu aurkezpenak egun guztian zehar egongo dira: besteak beste, Ainize Madariaga Muthularren “Komunitatea hats-bahiturik”, Severine Dabadie eta Itxaro Bordaren “Poema bat da herri hau” lan elebiduna, Juan Carlos Etxegoien “Xamar”-en “Etxera bidean” eta Asisko Urmenetaren “Aztihitza, Xahoren Biografikoa” lanarenak. Euskaltzaindiaren urteroko hitzorduan lan berriak aurkeztuko dituzte. Haur zein helduentzako emanaldi artisikoak ere izanen dira, baita mahai inguru bat ere.

Oroitarria eta liburua

Biltzarra baliatu du Lapurdi 1609 elkarteak, Saran oroitarri bat jartzeko. “1813-1814an Napoleonen tropek eta bere etsaiek Euskal Herria nola suntsitu zuten” da gogora ekarri nahi dena, baita Suharriaga parkean ezarriko den eskulturaren izena ere.

Estatu frantsesak egiten duen historiaren irakurketaren aitzinean, Euskal Herrikoa plazaratzen du elkarteak. Oroitarriarekin bat eginez, “1813/1814 Euskal Herria xirtxilatua” liburua berriz argitaratu dute, 30 orrialde gehituz, eta astelehenean aurkeztuko du Mixel Mendiburuk.