Proiektuari Elkar Saria EHZ festibalarentzat

Euskal Herria Zuzenean musika festibalak ukanen du aurten Elkar Fundazioaren Proiektuari Elkar Saria. Jaialdia Irisarrin iraganen da aurten ekainaren 28, 29 eta 30ean.

@arianekamio|10/04/2019 16:58
0408_ehz
EHZ jaialdiko arduradunak Donostian izan dira sariaren berri emate prentsaurrekoan. (Maialen ANDRES/FOKU)

Bi urtez behin aldizkatzen ditu Elkar Fundazioak bere sariak, Naiz atariak oroitarazi duenez. Urte batean Joseba Jaka beka eskaintzen da, sorkuntzari 10.000 euroko laguntza bideratuz. Bestean, Proiektuari Elkar Saria banatzen da, euskal kulturaren alorrean Elkar etxeak beharrezkoa deritzon proiektuari bultzada emateko bideratutako saria, hura martxan egon edo berri bat sustatzeko balio dezakeena. Honek ere 10.000 euroko diru-laguntza eskaintzen du.

Proiektuari Elkar Saria ematea egokitzen da aurten eta gaurko prentsaurrekoan iragarri dutenez, Euskal Herria Zuzenean festibalak jasoko du. Urtebeteko etenaren ondoren, eraberrituta itzuliko da aurten jaialdia, pasa den irailean belaunaldi berri batek bere ardura hartu ondoren.
«Ipar Euskal Herritik Euskal Herri osora» zabaltzen den jaialdia dela argudiatu du Elkar Fundazioko ordezkari Jose Mari Sorsek, «musikatik abiatuta baina kultur adierazpen desberdinak kontutan hartuta».

«Talde lana eta elkarlana beti izan dira bi balore oso garrantzitsu Elkar taldean. Beti lan egin izan dugu elkarlanean beste talde eta instituziokin, baina beti askatasunean. Iaz etena izan ondoren, aurten berrituta dator EHZ eta Elkarrek bere aletxoa jarri nahi du indarberrituta itzul dadin», nabarmendu du.
EHZren izenean hartu dute hitza Julen Oillarburu eta Irati Fernandezek. «Aurtengoa urte berezia» dela ohartarazi du Oillarburuk, irailetik goiti belaunaldi berri batek hartu baitu bere gain jaialdiaren ardura.

Aurtengoan Irisarrin egingo da festibala ekainaren 28, 29 eta 30ean. «Ipar Euskal Herriaren bihotzetik Euskal Herri osora zabalduko gara». Gogoeta prozesu baten ondoren egingo da EHZ berria, eta musika eskaintzaz gain, beste helburu batzuk ere finkatu dituzte. Formakuntzak eta tailerrek garrantzia berezia izango dute.

‘Lua Kastore’

Iaz eskuratu zuen MA kolektiboak Joseba Jaka beka eta laguntza horrekin ‘Lua Kastore’ ikuskizuna prestatu dute. Oihane Enbeita taldeko kideak adierazi duenez, dantza, antzerkia eta ikus-entzunezkoa uztartzen dituen ikuskizuna da eta berau maiatzaren 9an estreinatuko dute Andoaingo Bastero Kulturgunean, arratsaldeko 19.00etan. Hitzordu horretan banatuko da Proiektuari Elkar Saria eta baita Ibilbideari Elkar Saria ere.