Euskara eta generoa loturik, umorea nagusi Hendaian

Martxoaren 29an Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai artisten “Bakean dagoena, bakean utzi” binakako bakarrizketa saioa iraganen da Hendaian. Jendea irriarazteaz gain, umoretik gogoeta piztea dute xede.

Kazeta|29/03/2019 08:05|0 commment
_bakean_dagoena_bakean_utzi_idoia_torregarai_eta_mirari_martiarena
Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak 65 saiotik gora eskaini dituzte Euskal Herrian.

Hendaia Euskaraz ekimenaren barnean, martxoaren 29an, ostiralarekin, “Bakean dagoen bakean utzi” binakako bakarrizketa saioa ikusteko parada izanen da Hendaiako Mendi Zolan kultur gunean. Ordubete inguruko emanaldiari arratseko 20:30ean emanen zaio hasiera eta sartzea urririk izanen da.

Obra honetan, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileek sei bakarrizketa aurkezten dituzte, guziak elkarri josita. Euskara eta generoa ardatz harturik, onomatopeiak, amatasuna, gorputz jarrerak, euskarakadak, parranda edota hilekoa bezalako gaiei punta aterako diete ikusleak irriarazteko helburua hartuta. “Gu ez gara antzezleak, umoregileak baizik. Gertatzen zaigun hori irri egiteko kodean jartzen dugu, irri eginarazi eta buruari buelta batzuk emateko asmoz”, diote bi protagonistek.

Umorea bai, baina gogoeta eta kritika ere jorratzen dituzte haien saioan: “Gauza batzuk ez badituzu astintzen, ez dira aldatzen. Emakumeok umorea egin dezakegula frogatu nahi dugu, oraindik ere gizonezkoen mundua baita hau”. Justuki, generoaren gaia da euskararekin batera zer pentsatua eragiteko jorratzen duten gai nagusia eta hori dela eta, “betaurreko moreak” jantzita aterako dira oholtzara, umoretik gauzak iraultzen laguntzeko xedez.

“Bakean dagoena bakean utzi” ikusgarria izaten ari den harrerarekin biziki kontent dira Martiarena eta Torregarai. "Jendearen eta hedabideen interesa piztu du eta guretzat hori ederra da", diote.