Kazeta

Elodie Baffalio pianistak bere lehen diskoa plazaratu du

BIDEOA - Elodie Baffalio urdiñarbetar pianista inprobisatzaileak “Mellodi” izeneko lana kaleratu du. Diskoa ontzeko melodia herrikoietan inspiratu da, inprobisatuz eta ahotsik gabe, soilik pianoa mintzo delarik. Diskoa jadaneko salgai da Ipar Euskal Herriko zenbait saltegitan.

Elodie Baffaliok bere unibertsoa sortu du ttipitan hartu duen pianoaren bidean.
Elodie Baffaliok bere unibertsoa sortu du ttipitan hartu duen pianoaren bidean.

Sortzez urdiñarbetarra den Elodie Baffalio zazpi urterekin hasi zen pianoa jotzen. Urte batzuk geroago Baionako kontserbatorioan errepertorio klasikoa ikasi eta gutira Patrick Defossezekin musika garaikidea ikasteari ekin zion, inprobisazioari ateak idekiz. "Ustekabean" aurkitutako bide hori segitu du ordutik, tartean Parisko Schola Cantorumen idazketa, konposizioa eta orkestrazioa ere ikasiz. Besteak beste, egindako ibilbide horren emaitza da plazaratu berri duen “Mellodi” lehen diskoa.

Osoki instrumentala den diskoa zortzi melodiak osatzen dute. Baffalio antzinako eta egungo kantu nahiz dantza herrikoietan inspiratu da, pianoarekin inprobisazioari hatsa emateko. Diskoaren aurkezpenean erran bezala, “musika herrikoia sentiberatasunez eta soiltasunez moldatua da, desagerturik zen tradizio batean inprobisazioari leku berri bat eman nahirik”.

Zuzeneko emanaldietan ere ezaugarri horrek funtsezko lekua hartzen du. “Kontzertu bakoitza beti berria da. Ohiko musika ezagutzeko parada da, baita pianoa era berrian entzuteko ere, klasikoaren kolore harmonikoen eta jazzaren inprobisazio izpirituaren eraginez”, dio pianista xiberotarrak bere aurkezpenean.

Elodie Baffaliok bere unibertso musikala sortu duela erran daiteke, Euskal Herrian jasotakoak, musika klasikoak eta esperimentalak bere sormenaren iturri baitira. Azken urteetan hainbat proiektutan parte hartu du, musika, olerkaritza eta margolaritza uztartuz. Horien artean daude Jesus Aured, Ronnie Lynn Patterson eta Vianney Desplantes musikariak eta beste arloetako artistak, Gonzalo Etxebarria eta Maika Etxekopar, besteak beste.