KAZETA

Autoak gelditu ditu Oldartu kolektiboak

Gazte dinamikak ekintza burutu du larunbat honetako eguerdian Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan. Besteak beste, heldu den abuztuan Biarritzen ospatuko den G7 taldeko goi-bilera salatzeko sorturiko gazte ekimenak Euskal Herria "harrera herria" gisa irudikatu du protesta horren bidez migratzaileendako ohiko pasabide den Santiago zubian.

Banderolaren gibelean, hogei bat pertsona lurrean etzanda gorputza gorriz tindaturik. © Guillaume FAUVEAU
Banderolaren gibelean, hogei bat pertsona lurrean etzanda gorputza gorriz tindaturik. © Guillaume FAUVEAU

Oldartu gazte dinamikaren barnean, Bidasoaldeko gazte talde batek ekintza burutu du, gaur eguerdian, Irun eta Hendaia lotzen dituen Santiago zubian. Balkanetako bidea zaildu den heinean, espainiar penintsulatik Europara sartzea lortzen duten etorkinek gero eta gehiago hautatzen duten pasabidean "Euskal Herria harrera herria" dela aldarrikatu dute protestan parte hartu duten 20 bat gaztek.

Batzuk aipaturiko leloarekin banderola zabaldu duten bitartean, beste batzuk arropak pintura gorriarekin busti eta etzan egin dira errepidean. Era horretan, Europak ezarritako hesiek sortzen dituzten heriotzak eta sufrimenduak salatu dituzte. Protestaren ondorioz, Irundik Hendaiaranzko norabidean moztuta egon da trafikoa minutu batzuetan.

Egunero bide hori hartzen dute hainbat etorkinek. "Migrazio behartuaren arrazoietara jo beharra dago fenomeno hau ulertzeko. Potentzia inperialistek sorturiko gerlak, nahita probeturiko herriak zein ideia politiko, sexu-joera/identitate eta erlijioaren araberako diskriminazioa ageri dira migrazioen iturburuan, dominazio kapitalista, azken finean", dio Oldarturen oharrak. Zehazkiago, Espainiako eta Frantziako Estatuek hitzemandakoa ez betetzeaz kezkatzen da. "Hitzemandako migratzaileen %22 baino ez du hartu Frantziak eta %11 Espainiak. Bien bitartean, elkarlan krudelean dihardute Frantziako eta Espainiako poliziek. Ehunka izan dira hilabeteotan Hendaiatik Irunera berehala itzularazitako migratzaileak", ohartarazi du.

Heldu den abuztuan munduko zazpi herrialde aberatsenetarikoak biltzen dituen G7 taldeak bere urteko goi-bilera egingo du Biarritzen. Hitzordu hori salatzeko sorturiko plataformak zabalduriko bidetik, Oldartu gazte dinamikak bilera horretara helduko diren agintariek duten ardura, besteak beste, migrazioaren auzian agerian utzi nahi izan dute, baita ere, gaur eginiko protestaren bidez.