Hartza Altzoan, haurrei zuzenduriko festibala Ezpeletan

Hartza Altzoan jaialdiak haurrak protagonista eta ikusle bilakatuko ditu Ezpeletan martxoaren 22tik 24era.

Idoia ERASO|22/03/2019 08:55|0 commment
Hartza
Ikuskizun mota ezberdinak izanen dira, haurren parte-hartze artistikoarekin.

Herri Soinu elkarteak haurrentzako antolatzen duen jaialdia da. Inauteri garaiari loturik Errobi eskualdean eta Ipar Euskal Herri osoan ezaguna den Hartzaro jaialdiaren antolatzailea ere bada elkartea. Helduei zuzenduriko hitzorduan eskas gelditzen zen txikientzako programazioa biltzeko sortu zen duela sei urte Hartza Altzoan, Naiz atariak azaldu duenez.

Programazioaren parte handi bat umeek eta artistek elkarlanean sortutako ikuskizunak dira. «Lehentasuna da zerbait egitea haurrekin: aktore eta publiko izatea», azpimarratu du Sandra Pochulu Herri Soinuko kideak.

Jaialdia Phillipe Albor eta Maialen Alfaroren “Izarren hautsa” ikuskizunarekin abiatuko da ostiralean. Mikel Laboaren heriotzaren 10. urteurrenean sortua, Ezpeletako eskola pribatuko eta Kanboko ikastolako haurren parte-hartzea izanen du. Erromeria izanen da ondoren, eta gaualdia bukatzeko, guraso talde batek egindako “Gurashow” izanen da Ezpeletako merkatuan.

Kimuen ikusgarria

Jaialdiko hitzordu nagusia larunbat arratsaldean aurkeztuko den Kimuen ikuskizuna da. Urteroko gisara eskola eta ikastoletako haurrek egindako obra da. 700 bat pertsona hurbildu ohi dira, protagonisten familia eta lagunak bereziki. «Ikasleen momentua da, artista batzuk eskoletara joaten dira, eta sorkuntza prestatzen dute ikasturtean zehar. Gaia beti inauteriak dira», azaldu du Pochuluk.

Ikuskizuneko sormen prozesuan, hezkuntza zentroetako arduradunei artisten zerrenda bat ematen zaie, interesatzen zaiena hauta dezaten. Hautu horren arabera pertsona horrek jorratzen duen eremu artistikoa lantzen dute. «Aurten dantza anitz bada, musika ere egin dute Philippe Alborrekin, eta Naia Roblesekin kantua eta antzerkia landu dituzte», gaineratu du Herri Soinuko kideak. Beraiekin batera Johañe Etxebest, Ihintza Irungarai eta Jose Cazaubon aritu dira haurrak bide artistikoan zehar gidatzen.

Ezpeleta, Kanbo, Uztaritze, Haltsu eta Jatsuko eskola pribatu, publiko eta ikastoletako ikasleek hartuko dute parte Kimuen ikusgarrian.

Igande goizean herri giroa izanen da protagonista. “Lehen urratsak” izenburupean, Errobi eskualdeko dantza eskolak elkartuko dira. Ezpeletako karriketan animazioak izanen dira gero, eta Hartza Altzoan jaialdiari bukaera emateko erromeria izanen da.