Kazeta

Macronen argazkiak kentzen segitzen du Bizik

Duela aste batzuk abiatutako kanpainaren baitan, Frantziako presidentearen argazkiak kendu ditu Bizik Donibane Garaziko eta Mauleko herriko etxeetatik. Ekintza honen bidez, hitzetatik ekintzetara pasatzeko deia galdegiten dio Emmanuel Macroni.

Estatuaren mehatxuekin ere, horrelako ekintzak areagotzen ari dira (Bizi!)
Estatuaren mehatxuekin ere, horrelako ekintzak areagotzen ari dira (Bizi!)

Biarritzen eta Uztaritzen erretiratu zituzten lehenik Macronen erretratuak Bizi! eta Action Non Violente-COP21 taldeetako ekintzaileek, larrialdi klimatiko eta sozialari aurre egiteko Emmanuel Macronen esku-hartze eza salatzeko protesta gisara.

Martxoaren 19an, goizeko 11.00k aldera, Bizi! plataformako kideek beste bi koadro ofizial kendu dituzte, bata Mauleko Udaletik eta bestea Donibane Garazikotik. "Klima, justizia soziala... non dago Macron?" mezuarekin afixak jarri dituzte erretratuen tokian, bi auzi horietan Macronen politiken hutsaltasuna gaitzesteko, Naiz atariak plazaratu duenez.

Frantziako Gobernuak ekintza hauek zigortzearekin mehatxu egin zuen, eta ekainaren 26an nahiz irailaren 2an eta 11n Action Non Violente COP21 taldeko hamar kideren aurkako epaiketak egingo dira. Hala ere, gisa honetako ekintzak Estatu osoan biderkatu egin dira.

Erretratu ofizialak erretiratzearekin batera, burututako ekintzaren erranahia azaltzen zuten eskutitzak utzi dituzte Bizi!-ko kideek bi herrietako auzapezentzat.

Hala, eskutitzak dio ekintza "ez bortitz" hauek ez dutela udalerri jakinik jomugan, presidentea eta bere Gobernua baizik, ez baitituzte betetzen Parisko Hitzarmenean klima aldaketaren aurka hartutako engaiamenduak. "Lau urte berantago, Frantziak jarraitzen du bere engaiamenduak bete gabe eta, okerrago, berotegi-efektuko gasen isurketak handitzen ari dira", azaldu dute.