Kazeta

Zerbitzu publikoen eta lan kalitatearen aldeko mobilizazioa Baionan

Orotara, 1.200 bat pertsona elkartu dira hainbat sindikatuk martxoaren 19an Baionan antolatutako manifestazioan. Frantziar estatu mailan egindako greba mugimenduarekin bat egin dute Ipar Euskal Herrian lan duinaren eta babes sozialaren alde agertzeko.

1.200 lagun bildu dira Baionan antolatutako manifestazioan. ©Guillaume Fauveau
1.200 lagun bildu dira Baionan antolatutako manifestazioan. ©Guillaume Fauveau

CGT, FO eta FSUk antolatutako manifestazioak 1.200 pertsona bildu ditu Baionan martxoaren 19an. Goizeko 11.00k aldera San Izpiritutik abiatu ondotik, Baionan gaindi ibili dira manifestariak zerbitzu publikoen eta lan kalitatearen errespetua aldarrikatzeko.

Txaleko horiak, irakasleak, herriko etxeetako langileak, erizainak… adin eta lan mota anitzetako langileak elkartu dira martxan. Manifestariek Frantziar Gobernuak plantan eman nahi dituen erreformen kontra egin dute. Halaber, Emmanuel Macronek protestak debekatzeko duen asmoa ere salatu dute. Ikasleek berriz, beren ezadostasuna adierazi dute suprefeturaren aitzinean bukatu den ekimenean.



Martxa abiatu aitzin, LAB sindikatuak garraio publikoaren aldeko ekintza bat egin du tren geltokiaren barnean. Horren bidez, Euskal Elkargoak landu duen mugikortasun planarekiko bere kexa adierazi nahi izan du sindikatu abertzaleak. Hain zuzen ere, Baiona-Donibane Garazi lotzen dituen trenbidearen hutsak eta eskasiak mahaigaineratu ditu.

Jeronimo Prieto sindikalistaren aburuz, aurkeztutako planak Baionako eta inguruko mugikortasuna hobetzeko xedea du. Azaldu duenez, proiektuak "Kanboraino doazen trenen kopurua emendatuko du, baina Donibane Garaziko erabiltzaileek ez dituzte onurak sentituko". "Euskal Elkargoak ulertu behar du ezin direla lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak izan", deitoratu du.