Kazeta

Klimaren aldeko diskurtsoetatik ekintzara pasatzeko deia

Bizi! mugimenduak mundu mailan klimaren alde antolatu den mobilizazioarekin bat egin eta larunbat honetarako, hilak 16, martxa bat antolatu du Angelun. Ipar Euskal Herriko tokiko agintariei deia egin nahi die, bereziki garraio politiketan azpimarra eginez.

Biarritzetik Baionarako bidea urratu zuen Alternatiba Itzuliak iaz. © Bob EDME
Biarritzetik Baionarako bidea urratu zuen Alternatiba Itzuliak iaz. © Bob EDME

“Guziak klimaren gaiarekin ados gara, baina arazoa da ezin dugula diskurtso hutsean gelditu, ekintza behar dugu”, erran du Jean-Noël Etxeberri “Txetx” Bizi!-ren bozeramaleak. Mugimenduak martxoaren 16 honetarako martxa bat antolatu du Angelun. Hastapena Cadran biribilgunean emanen zaio, goizeko 10:30ean. Parte hartzaileen artean, Txirrindola, Surfrider Basque, CADE eta burdinbideetako CGT sindikatua izanen dira.

Mobilizaziorako lekua ez da halabeharrez hautatu, bertako auzapez den Claude Olive Euskal Herriko Mugikortasun Sindikatuko presidentea baita. Bizi!-ren arabera, auzapeza “autoaren aldekoa da. Absolutuki ez du eguneroko bizitik autoaren erabilera kendu. Egun, arduradunak ez dira trantsizio klimatiko eta energetikorako helburuetan behar bezain koherenteak. Hori onartezina da eta mugitu beharra dago”, deitoratu du Etxeberrik.

Mobilizazioaren bitartez, mugimenduak salatu nahi du mugikortasun eta garraio politikaren zati handi bat kontrako norabidean doala. Mundu mailan antolatu den mobilizazioak agintari nazionalak ditu interpelatzen, baina baita tokikoak ere, “ez baitira behar den maila ematen ari”.

Bizikletari biderik ez

“Gaueko trenak bertan behera gelditu dira, Biarritzeko aireportuan obra berriak egin dituzte...” Bizi!-k aipatzen dituen adibideen artean arreta pizten diona BAB hirigunean Tram´bus lerroaren lanak dira. “Etorbide osoak arraberritzen ari dira bizikletentzat errailik egin gabe. Hirietako bi bidaietatik bat 3 kilometro baino gutiagokoa da eta horietariko ainitz bizikletagatik ordezkatu ahalko lirateke”, dio bozeramaleak.

Tram´bus proiektua anbizio handiz diseinatu zela oroitarazi du, baina anbizio hori apaldu da. Biarritzeko Victoria Erreginaren etorbidean, erraterako, autobus eta bizikletentzat abantzu lekurik egin gabe erabilia izan da aurrekontua. “Diskurtso handiak egiten dira, baina ekintzarik ez”, dio Etxeberrik.

Gainera, bere hitzetan balirateke ilegalki egin izan den lanik, ingurumen kodeak baitio hiriguneak arraberritzean, bizikletentzat egokitu behar direla, pistak, lurreko markak edo zati independenteak sortuz. Baionako etorbidea zeharkatuko duen mobilizazioan arraberritze desegoki horiek argiki ikusi ahal izanen dira. Bizi!-ren arabera, soilik biztanleen %2k erabiltzen du bizikleta eta errealitate hori “katastrofikotzat” jo du.