Kazeta

Euskal Herrian ere klimaren aldeko eskola greba eginen da

Greta Thunberg 16 urteko nerabe suediarrak bultzaturiko nazioarteko mugimenduarekin bat eginez, Ipar Euskal Herriko lizeoetako ikasleek klimaren aldeko mundu mailako grebarekin bat egin dute heldu den martxoaren 15erako.

Gazteak Angeluko hondartza garbitzeko mobilizatu ziren martxoaren 10ean. ©fridaysforfuture.paysbasque
Gazteak Angeluko hondartza garbitzeko mobilizatu ziren martxoaren 10ean. ©fridaysforfuture.paysbasque

“Zertarako ikasi laster izango ez dugun etorkizunerako, etorkizun hori salbatzeko nehork deus egiten ez badu?”. Greta Thunbergen sare sozialetan egindako galdera horri heldu diote Ipar Euskal Herriko hainbat lizeotako ikasleek ere. Hori dela eta, klimaren aldeko mundu mailako eskola grebarekin bat egin eta mobilizatzeko deliberoa hartu dute. Greba heldu den martxoaren 15ean eginen da, ostiralarekin.

Goizean ikasleek manifestazioa eginen dute Baionan, Roland Barthes gunean bukaera emateko. Gazteek bertan bazkalduko dute, Departamenduko Kontseiluaren aitzinean eta ondotik klimari loturiko desafioez formazio bat iraganen da. Bioaniztasunaren leherketa, klimari loturiko sarraskien biderkatzea edo beste lurraldeetara emigratzeko milioika pertsona beharturik izatea. Euskal Herriko ikasleei nahikoa arrazoi iruditu zaizkie mobilizaziora jotzeko. “Agintariei mezu azkar bat bidali behar zaie”.

Honela, Greta Thunbergen urratsak segitu nahi dituzte. Nerabe suediarrak joan den agorriletik ostiralero eskola greba egiten du eta klimaren aldeko erreferente bilakatu da munduan, milaka ikasle mobilizatu baitira Suediatik kanpo ere. “Badakigu politikari gehienek ez dutela gurekin hitz egin nahi. Ados. Guk ere ez dugu haiekin hitz egin nahi. Zientzialariekin hitz egin dezaten nahi dugu», erran zuen Bruselan, Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko buruaren aitzinean.

Hezkunde Nazionalaren mugimenduak

Johan Rivièrek Baionako Cassin lizeoan ikasten du. Urte hastapeneko formazioan bat egin zuen kolektibo honekin. Aitortzen duenez, berak aukera ukan du bere familiaren eskutik klimari loturiko arazoez kontzientzia izateko, baina harriturik da dinamika honekin zenbat ikaslek bat egin duten ikusita, haiek bere aukera ukan ez dutenean. Frantziar estatu mailan, beste herrialde ainitzetan bezala, udaz geroztik mobilizazioa emendatzen ari da. Johanentzat helburua argia da: “Kontzientzia sortzea da asmoa eta oihartzuna ukaitea tokian toki, nazional mailan eta nazioartean”.  

Emendatzen ari den mugimendu honen aitzinean, Frantziako Hezkuntza Ministerioak martxoaren 11n iragarri zuen aldaketa klimatikoaren kontra mobilizatu nahi duela. Ildo horretan bilkura tematikoak antolatu ditu estatuko lizeo ezberdinetan, martxoaren 15etik landa. Johanek zalantzak ditu: “ona izaten ahal da Hezkunde Nazionalak azkenean zerbait egin nahi izatea, baina horren gibelean zinez zer dagoen jakin behar da. Ez luke jendea baretzeko saiakera bat izan behar”. Edozein gisaz, ikasleak mobilizatzeko prest dira, haien geroa eta ondoko belaunaldiena segurtatua izan dadin.