Kazeta

Ellande Alfaro: “Bada kontzientzia, baina euskal selekziotik urrun gara”

2015ean Esait (Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea) desegin zenetik, aldaketa nabarmena gertatu da euskal selekzioaren aldeko dinamikan. Ellande Alfaro pilotari ohi eta Esaiteko militante izandakoaren iritziz, egungo eztabaida arrunt azalekoa da.

Ellande Alfaro pilotari ohia eta Esaiteko militante izandako.
Ellande Alfaro pilotari ohia eta Esaiteko militante izandako.

“Bixintxo babesten dut, noski, baina are gehiago babestuko nuke frantziar selekzioarekin parte hartzeari uko egingo balio”, dio Ellande Alfarok. 2018ko urrian Bartzelonako munduko pilota txapelketan urrezko domina irabazi ondotik, Bixintxo Bilbao ziburutarra abantzu zigortua izan zen podiumean ikurrina ateratzeagatik. Alfaroren ustez, aldaketa bat erakusten du horrek, nahiz eta funtsezko eztabaidaren falta sentitzen duen.

“Dinamika pixka bat hatsik gabe gelditu da, baina garai batean mobilizazio azkarrak egiten genituen. Euskal selekzioaren gaia usu mahai gainean zen. Egun, mugimendua ainitzez ahulagoa da”, erran du. Pilotari ohia 2006ko urtarrilean torneo batean euskal selekzioaren kamisetarekin igo zen podiumera, Carricaburu anai xarelariek egin izan zuten gisa berean. Haiek isuna jaso behar izan zuten.

“Beste testuinguru batean, hots, lehen final batean, Moderne trinketa beteta eta prentsa guzia zelarik, zigor berdina jasoko ote nuen ikusi nahi nuen”, erran zion garaian Euskal Herriko Kazetari. “Orduan egindako ekintzak harago joan ziren, gure baieztapena zehatzagoa zen, arrazoituagoa, baina maleruski, ez hedabideen hainbesteko oihartzunarekin”, gogoratzen du egun Alfarok.

Boikota Frantziako selekzioari

Euskal identitatearen baieztapen seinale gisa, Alfarok eta beste zenbait pilotarik frantziar selekzioarekin parte hartzea errefusatu zuten. “Bizpahiru aldiz jokatu nuen. Ondotik, urte batez, Mexikora joan aitzin agerraldi bat eman genuen euskal selekzioaren aldarrikapena egiteko”. Euskal Herri osoko pilotariek frantziar eta espainiar estatuak ordezkatzera behartuak zirela adierazi zuten: “Ipar Euskal Herriko sei pilotarik frantziar selekzioarekin nazioarteko lehiaketetan parte hartzeari uko egin diogu”.

Erresistentzia eta aldarrikapen garai hura egun aski apaldu da. Pilotariek ez dute jarrera hori beregain hartu, baina garaiak aldatzen ari direla uste du Ellande Alfarok. “Gutienez Bixintxo Bilbao ikurrinarekin agertu zen. Bere garaian isunak gutunak posta bulegotik bezala pasatzen ziren, baina gaurko kasua ez da hori. Bada kontzientzia, baina euskal selekziotik urrun gara”, dolu da Alfaro.