Kazeta

Badator Integrazio Batzordea sustengatzeko Itsas Laminen Korrika

Angeluko Kimua ikastolak hamaikagarren aldiz antolatuko du Integrazio Batzordea elkarteari sustengua ematea helburu duen emazteentzako lasterketa. Heldu den martxoaren 10ean ospatuko da, Angeluko La Barreko zabaldegitik abiaturik.

Goizeko hamarretan hasiko da beroketa musikatua. © Itsas Lamina
Goizeko hamarretan hasiko da beroketa musikatua. © Itsas Lamina

Itsas Laminen Korrikaren 11. edizioa izanen da aurtengoa. Angeluko Kimua ikastolak antolaturik, lasterketa honen xedea da Integrazio Batzordeari laguntza ematea. Berez, izen-ematearekin bilduko den dirua, osoki elkarte honi emanen zaio, ahalmen urriko haurren eskolatzea bermatu ahal izateko.

Lasterketa hau 16 urtetik goitiko emazteei zuzendua da. Antolatzaileen erranetan, kirol mailak ez du garrantzirik eta printzipio horri jarraikiz, aukera ezberdinak eskainiko dituzte, lasterka edo oinez ere ibilaldia egin ahal izateko. Haurrentzat ere kilometro bateko lasterketa iragarri dute, urririk. Eta gizonei ere deia egin diete parte hartzaileei ibilbide guzian zehar animoak ematera hurbil daitezen.

Modalitate ezberdineko saioak goizeko 10:30tatik aitzina hasiko dira, Angeluko La Barre zabaldegitik. Oren horretan, bost kilometroko ibilaldiko eta hamar kilometroko lasterketako parte hartzaileak abiatuko dira. 10:40tan berriz, bost kilometroko lasterkarien txanda izanen da. Izena emateko klikatu hemen.

127.000 euro haurrak eskolatzeko

Hogei urte joan dira Integrazio Batzordeak ahalmen urriko ikasle bati laguntza eskaini ziola. Egun, 111 ikasle dira Ipar Euskal Herriko ikastoletan daudenak. Hauetarik 53 ama eskolan eta lehen hezkuntzan dira eta gaineratekoak, kolegioan edo lizeoan.

Nahiz eta arauzko testuetan ageri, Frantziako Hezkunde Nazionalak ez ditu egoera honetan diren haurrek eta familiek behar dituzten laguntzarako lanpostu guziak diruztatzen. Ondorioz, Integrazio Batzordeak diruztatu gabeko AESH beharrak bere gain hartu behar ditu. Familiak laguntzen dituzten bina hezitzaileren eta aholkulariren lana ere bere gain hartu behar izaten du.

Jakinarazi dutenez, Integrazio Batzordeak aurten 127.000 euro bildu behar ditu haur horien eskolatzea ziurtatzeko. Beraz, Itsas Laminen Korrika aukera ezin hobea izanen da kirola egiteko, baina batez ere bere helburuak betetzen laguntzeko, hots, Integrazio Batzordeari behar duen sustengua emateko.