Kazeta

Martxoan Euskararen Hilabetea ospatuko da Hendaian

Hendaiako elkarteekin lankidetzan, Herriko Etxeak euskararen sustapenerako hogeita bost ekitalditik goiti antolatu ditu martxoan zehar. “Hendaia Euskaraz” egitarauaren estreinaldi ofiziala heldu den martxoaren 6an iraganen da.

Hendaian bizi izan zen Txillardegiri omenaldia eskainiko diote.
Hendaian bizi izan zen Txillardegiri omenaldia eskainiko diote.

Hamargarren urtez euskararen sustapenerako Hendaian martxoan antolatu den “Euskararen Hilabetea” ekimenez beterik heldu da. Proiektuaren eta egitarauaren aurkezpen ofiziala martxoaren 6an, asteartearekin eginen da, arratsaldeko 18:00etan Herriko Etxean berean. Besteren artean, Kotte Ecenarro auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariordea eta Michelle Mounios-Adurriaga euskara arduraduna mintzatuko dira.

Duela zenbait hilabete Herriko Etxeak Lapurdi kostaldeko herriko eragile eta elkarteei deia egin zien egitaraua osatzeko haien proposamenak egin zitzaten. Orain lan horren guziaren emaitza ezagutarazi dute, hogeita bost ekitaldi baino gehiago izanen dituen egitarau aberatsa presentatuz.

Txillardegi omenduko dute

Kantaldiak, antzerkiak, bertsu emanaldiak, bisita gidatuak, mintzaldiak, literatura, mintzalagun egunak... Euskaraz gozatzeko eta aritzeko aukera zabala izanen da martxoaren 7tik aitzina. Egun horretan, 20:30ean Anje Duhaldek kantaldia eskainiko du Variétés zinema-gelan.

Beste ikusgarri nagusien artean, antzerkiak protagonismoa izanen du. Martxoaren 15ean Bilboko Rubik konpainiaren “Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak” antzerki obra aipatzen ahal da. Mendi Zolan kultur gunean iraganen da arratseko 20:30tatik goiti. Oreretako Dejabu konpainiako antzezleak ere leku bereko taulara igoko dira martxoaren 24an, arratsaldeko 17:00etan “Linbo planeta” antzerki obra antzezteko.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak ere ez dira hitzorduan faltako. Beren udaberriko “Musua” ikusgarria martxoaren 17an iraganen da, goizeko 11:00etan Daniel Ugarte pilotalekuan.

Korrikaren 21. edizioa hurbiltzen ari den honetan, Korrika Kulturalaren baitako ekimenak ere izanen dira. Euskararen aldeko lasterketak aurten Txillardegi omentzen du. Hendaian hainbat urtez bizi izan zen eta hura gogoratu asmoz, “Txillardegi herri ekimeneko” Fito Rodriguez mintzatuko da, martxoaren 28an, arratsaldeko 18:30tatik aitzina. Erakusketa ere izanen da ikusgai.

Hendaiako Euskararen Hilabetearen egitarau osoa ikusteko eta informazioa eskuratzeko klikatu hemen.