Kazeta

Bixintxo Bilbao zigortu dute Munduko Txapelketan ikurrina ateratzeagatik

2018ko urrian Bartzelonan ospatu ziren Munduko Pilota Txapelketetan, pilotari ziburutarrak ikurrina atera zuen podiumaren gorenean zela. Hori dela eta, Nazioarteko Pilota Federazioak urtebetez nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko debekua ezarri dio Bixintxo Bilbaori.

Bixintxo Bilbao, podiumaren gainean @euskalirratiak
Bixintxo Bilbao, podiumaren gainean @euskalirratiak

Nazioarteko Pilota Federazioa marka guztiak apurtzen ari da. Euskal Herriko selekzioei bidea ixtearekin nahikoa ez eta, berriki jakin denez, hamabi hilabeteko zigorra ezarri dio Bixintxo Bilbao pilotariari, iaz Bartzelonan jokatu zen Munduko Txapelketako sari banaketan ikurrina ateratzeagatik.

Trinketeko Frantziako selekzioarekin hartu zuen parte Bilbaok, eta baita urrezko domina irabazi ere, eskuz binaka Peio Larralderekin batera. Sari banaketan ikurrina atera zuen eta ekitaldia neholako arazorik gabe bukatu zen.

Alta, lau hilabete geroago Nazioarteko Federazioaren Diziplina Batzordeak hamabi hilabetez utzi nahi du nazioarteko lehiaketatik jokatu gabe. Are gehiago, Frantziako Federazioari Munduko Txapelketan parte hartzeko ezarritako fidantza ez dio itzuliko, eta mehatxu egin dio erranez Bartzelonan gertatutakoa berriz errepikatuko balitz, zigorra federazioarentzat ere izanen dela.

Eta dena are mingarriagoa egiteko, Nazioarteko Federazioaren epaia Iruñean izenpetua dago. Diziplina Batzordeko hiru arduradunak Espainiako ordezkariak dira.