Kazeta

Larrungo proiektua goitik behera berrikusiz

Pirinio Atlantikoetako Departamendua prest agertu da Larrun mendian egin nahi diren berrikuntzei loturiko arazo guziak kontuan hartzeko.

Larrun 2020 proiektuaren kontrako aldarria mendi tontorrean.
Larrun 2020 proiektuaren kontrako aldarria mendi tontorrean.

Faltsuan egindako lehen urratsen ondotik, Larrungo gune turistikoa egokitzeko proiektua oinarri berrien gainean berrabiatuko da. Joan den otsailaren 14ko osoko bilkuran jasotako informazioaren arabera, Departamenduak interesaturiko kolektibitate guziak integratu eta proiektuari ikuspegi osoagoa eman nahi dio.

“Garai zailen ondotik, lankidetzan oinarrituriko politika idekitzen ari gara”, onartu zuen Jean-Jacques Laserre Departamenduko presidenteak. 2018an ingurumenaz eta paisaiaz abiaturiko azterketak Larrungo mendigune osoko desafioak azaleratu zituen. Horien artean dira artzaintza, mendi ibilketa, bioaniztasuna edo ura. Arazo horiek Euskal Elkargoaren eta Azkaine, Sara, Urruña eta Berako herrien eskumenak hunkitzen dituzte.

Andueza kabinetearen diagnostikoa ondoko hilabeteetan osatu eta Larrunen garapen planerako abiapuntua izanen da. Plan hau udaberriaren hondarrerako izatea espero da. Hautetsiek mendigune osorako estrategia bat trenkatu beharko dute eta baita gune turistikorako nahiz mendigunerako ekipamendu mailan plantan eman beharreko ekintzak ere.

Burdinbideen segurtasunari eta egungo makinak ordezkatuko dituzten lokomotor hibridoei, obralarien hautapenari, azterketei eta baimenei dagokionez, hauek guziak urtean zehar garatuko dira. Aparkalekuaren arazoari aterabidea emateak bere horretan segitzen du, mementoan ez baitirudi neholako aukerarik lehenesten denik.   

Ezkerreko taldearen lasaitua

Badirudi hastapenetik egitasmoarekin kritiko izan den Departamenduko biltzarreko ezkerreko taldeak exekutiboak harturiko norabidearekin lasaitua hartu duela. Chantal Kehring-Cottençon Hendaiako kontseilariaren arabera, gainean egitea aurreikusia zen pasabideak ez du gaurkotasunik eta garapen asmoak soilik segurtasunera begirakoak dira. Bere ustez, 2017an aurkezturiko proiektua sinpleki ez zen egingarria.

Bere kide Christophe Martinek, haatik, prentsatik beharrean proiektuaren aitzinamenduen informazioak egitura departamentalen barnetik jasotzeko galdegin zuen. Ildo horretan, Laserre presidenteak gaia osoko bilkura batean lantzeko engaiamendua hartu zuen.

Finantziazioa behin proiektua definitu denean zehaztuko da. 2018an EPSA-ren (Altuera Estazioetako Erakunde Publikoa) talde kudeatzaileek abiatu auditoriak, neurri handian finantza mailako antolaketa bat ahalbidetzen lagunduko du.