Burasoak, haurrak, gazteak, marrazkilariak edo horretan hain trebeak ez direnak ere. Guziak gomitatuak dira heldu den martxoaren 1ean Donapaleun kokatua den Amikuzeko mediatekan iraganen den “Josta Idatz” sormen tailerrera. Arratsaldeko 14:30ean hasita, literaturaren inguruan memento goxo, ludiko eta parte hartzaile bat bizitzea proposatzen dute. Saioa euskaraz izanen da.
Tailerra Amaia Hennebuttek gidatuko du. Galtzagorri elkarteko lehendakaria den idazle zein aktore biarriztarraren lana bereziki haur literaturan oinarritzen da. Proiektu honetan, publikoa lehenik ikusle izanen da, irakurketa musikalak entzunen ditu eta ondotik aktibo bilakatuko da, jokoen bidez, azken buruan sortzaile izateko.