EH Bai ez da ados igandean lan egitearekin. Hori dela eta, heldu den otsailaren 17an, igandearekin, elkarretaratzea antolatu du Angeluko Casino saltegiaren aparkalekuaren sartzean, goizeko 10:00etan.
Igandetan lan egitearen alde direnek aurkezten dituzten argudioen aitzinean, mugimendu abertzale eta ezkertiarrak egun horietan lan ez egiteko bere arrazoiak ezagutarazi ditu. Batetik, langileen nahi bat dela erraten delarik, EH Baik uste du soldata apalen eta prekarietatearen ondorioz, langileak lan egitera behartuak sentitzen direla eta ez doazela haien borondatez. Diru aski ukan eta hilabetearen bukaerara heltzeko beharrak bultzatzen omen ditu igandetan lan egitera. Horrekin batera, familia eta lagunekin egoteko denbora galtzen dela ere ohartarazi du.
Badira ere saltegiak igandetan idekitzeak ekonomiarentzat ona dela diotenak. Frantziako lan ministerioaren ondorioak aipatu ditu mugimendu abertzaleak. Horren arabera, igandeko lanak saltegi handiei egiten die onura, komertzio ttipiak kaltetzen diren bitartean. 30.000 enplegu galdu direla jakinarazi dute.
Kontsumitzaileei eskaintzen zaizkien erraztasunez EH Baik dio aldaketa klimatikoa kontuan hartu behar dela eta bizi kalitate hobe baten alde egin behar dela, joan-jinak eta hondarkinak murriztuz. Horrez gain, igandeak kontsumorik gabe aisialdiaz gozatzeko eguntzat hartzen ditu.
Finean, igandeko pausa langileentzat aitzinamendu garrantzitsua izan zela oroitarazi du EH Baik eta saltegiak idekitzeak gibelapen soziala ekartzen duela salatu du.