Kazeta

Angeluko oposizioak frantses-gaskoi klase bat idekitzea eskatu du

Akademia Ikuskaritza Angeluko Jules Ferry ikastetxean lanpostu bat kentzea aztertzen ari den bitartean, herriko oposizioak frantses-gaskoi klase elebiduna idekitzea proposatu du. Aukera hori baliatu du gehiengoaren hiriko politika salatzeko.

Angeluko Jules Ferry ikastetxea iruditan.
Angeluko Jules Ferry ikastetxea iruditan.

Akademia Ikuskaritzak 2019-2020 eskola maparako lehen zirriborroak aurkeztu dituen honetan, Angeluko Jules Ferry ikastetxearen gainean klase bat hesteko mehatxua dabil. Arrazoia ikasle kopuruaren apaltzea litzateke. Kostaldeko herrian 2016an Tivoli eskola hetsi behar izan zutela oroitu behar da. Herriko oposizioarentzat horren guziaren arrazoia gehiengoaren politika da. Etxebizitza sozialak eskaintzearekin batera, oposizioak frantses-gaskoi klase bat idekitzeko aukera baliatu behar dela uste du.

“Anglet, l´avenir avec vous” oposizioko buru eta Gaskoiaren Akademiako presidente den Guy Mondorgeren iritziz, klase horren hestea frantses-gaskoi klase bat idekitzeko aukera bat litzateke. Egoera horrek frantseserako postu erdia mantentzea ekarriko luke, hizkuntz postu erdia sortuz, baina gisa berean BAB hirigunean gaskoia irakasteko “behar soziala orekatuko” luke. “Zergatik ez aukera hau baliatu iazko ikasturtean gauzatu ezin izan zen proiektu hau abian ezartzeko?”, galdegin du hautetsiak. Bere hitzetan, halako klase batek Angeluko haurrak erakarriko lituzke, baina baita auzo herrietakoak ere. “Leku fisikoa bada, klase bat kenduko baikenuke eta frantses postu erdi bat mantendu”, arrazoitu nahi izan du Mondorgek.

Angelun gaskoi klase elebidun bat abian ezartzea gaskoiaren inguruan dabiltzanen ohiko eskaera bat da. Egun klase bakarra dago idekita, Bidaxunen. Mondorgeren ustez gaskoi kulturak lurraldean, eta zehazki Angelun, errealitate sozial eta kultural bat ordezkatzen du. Errate baterako, Euskal Elkargoak maiatzaren 16an eginen duen kontseiluan, gaskoiaren hizkuntz eta kultur eskumena beregain hartuko du. Oposizioarentzat, haren asmoa egingarria litzateke eta hautetsi horiek auzapezarekin lankidetzan aritzeko prest direla iragarri dute.

Ikasleen kontaketa egokia

Edozein gisaz, Mondorgek Akademia Ikuskaritzak Jules Ferry ikastetxearen lanpostuen beheititzearen argudioa gezurtatzen du, ikasleen kontaketa egiteko moldean diren disfuntzioak salatuz: “hamabi ikaslek Jules Ferryrako ULIS (eskola inklusiorako unitate lokalizatua) baliabidearen bidezko hezkuntza jasotzen dute eta adibidez, ez dira kontatuak”.

Gai honi dagokionez, Angeluko auzapeza oposizioarekin ados agertu da. Claude Olivek ULIS klasea duen eskola bakar honen berezitasuna kontuan ez hartzea deitoratu du. Hezkuntza Nazionalak haur hauek aintzat ez hartzea “harrigarri” zaio. Borroka hori ulertzen duela eta, akademia ikuskariarengana jo duela jakinarazi du eta Bordeleko errektoreari ere idatzi dio.

Etxebizitzen tipologia eztabaidagai

Bere aldetik, Guy Mondorgek ikasle kopurua apaltzen ari dela onartu du, baina 2014tik Olivek gidaturiko politikaren ondorioa dela adierazi du. 2.000 urtearen hastapenean Angelun bizitako antzeko egoerari egin dio aipamena: “orduan 2.400-2.500 ikasle zeuden eta 2.010-2.011 ikasturtean kopurua bi mila baino gutiagora apaldu zen”. Bere iritziz, etxebizitza tipologia eta jendartearen zahartzea dira arrazoi nagusiak: “Herriko Etxera heldu orduko hartu genuen lehen neurrietako bat etxebizitza sozialen kopurua %8,5 emendatzea izan zen” eta dioenez, Angelun ikasle kopurua emendatu egin zen.

Alta, joera hori 2014an Claude Oliven taldeak hiriaren agintea hartu zuenean fite aldatu zela erran du Mondorgek, etxebizitza sozialaren dinamika murriztu zela eta. 2015etik landa ikasle kopurua berriz apaltzen hasi zen eta horren lekuko da hestear den klase hori. “Haurrak dituzten bikoteak bizi ahal izateko hirian dinamika bat eraikitzen ez dugun bitartean, arrisku horrekin biziko gara”, berretsi du.

Salaketa horien aitzinean, Olive auzapezak bere burua defendatu nahi izan du, “epaitzeko xedearekin guregana zuzentzea ez da egokia”, erranez. Bere ustez, planteatzen diren arrazoiak ez dira zuzenak eta gogora ekarri nahi izan du laster Choisyn etxe-programa bat abiatuko dela, Jules Ferry eskolaren ondoan etxebizitza sozialak egin ahal izateko.