Haritz LARRAÑAGA

Hezkuntza erreforma berriaren kontra agertu da Euskara Geroan elkartea

Estatu frantsesak hezkuntza arloan ezarriko duen erreforma berria salatu dute Euskara Geroan elkarteko kideek. Beren aburuz, “euskarararen lekua ahulduko du lizeo eta kolegioetan”.

Euskara Geroan elkarteko kideek otsailaren 6an Baionan eskainitako prentsaurrekoa. ©Isabelle Miquelestorena
Euskara Geroan elkarteko kideek otsailaren 6an Baionan eskainitako prentsaurrekoa. ©Isabelle Miquelestorena

Gobernu frantsesak ezarri nahi duen erreforma berriarekin «lizeo eta kolegioetatik euskara desagerrarazi nahi» duten galdetu zuten Euskara Geroan elkarteko kideek, Baionan egin zuten prentsaurrekoan. Bigarren mailako irakaskuntza publiko eta pribatuko irakasle, zein Ikasbi eta Biga Bai guraso elkarteetako kideekin batera, «lizeoaren eta baxoaren erreformak euskararen lekua ahultzen» duela iritzita, «arrangura handia plazaratu» zuten, Garako artikuluak azaldu duenez.

Blanquer ministroaren erreforma gaitzesteko Korsikan, Bretainian eta Okzitanian ere antzeko agerraldiak egin zituzten. Guztiek salatzen dute ikasleek lekuko hizkuntzak hautatzeko zailtasunak izango dituztela. Izan ere, «erreforma aldatzen ez bada, euskara hautatzea ez da batere erakargarria izango ikasleentzat», esplikatu zuen Laida Etxemendik.

Erreformaren ahulguneak

Erreformak aurreikusten dituen puntuen artean, euskarari kalte gehien egingo dioten hiru azpimarratu zituen Aintzina Mazustak. Lehenik, euskara espezialitate gisa hautatzeko aukerak ateak ireki baino itxi egiten dituela salatu zuen Euskara Geroan elkarteko bozeramaileak, zeren «ongi dakigu espezialitatea ikastetxe bakar batzuetan baizik ez dela eskainiko, eta funtsean, oso ikasle gutxik hautatuko dutela».

Bestetik, euskara hautatzen dutenek 0,6 puntuko koefizientea eskuratuko duten bitartean, latina edo greziera hautatzen dutenek 2 puntuko koefizientea jasoko dutela jakinarazi zuten.

Azkenik, irakaskuntza elebidunean dagoen «informazio eskasiak ardura» sortzen diela azaldu zuten eta honako galdera plazaratu zuten: «Izango al da dotazio berezirik euskaraz irakasten diren ikasgaientzat?».

 

Hiru proposamen

Estatu frantsesak egiten dituen erreformek «euskarazko hezkuntza ahultzen dutela ikusita, euskarazko irakaskuntzarentzat dotazio berezi eta iraunkor bat» eskatu zuen Mazustak, «egiazko ordu parekotasunera heltzeko».

Bestalde, «sail teknologikoetan ikasleei euskara opzio gisa aurkezteko aukera» galdegin zuten. Eta azkenik, euskarak, greziera edo latinaren estatus bera izatea eskatu zuten.

Horrela, lizeo eta kolegioetan euskarazko irakaskuntza bermatzeko, hautetsi eta eragileei mobilizatzeko eta beren guneetan eragiteko deia egin zieten.