Kazeta

G7 gailurra: etxeen alokairua helburu

Agorrilaren 25etik 27ra munduko zazpi potentzia nagusiak Biarritzen elkartuko direla eta, etxeak alokatzeko eta eskuratzeko lasterketa hasia da. Enpresa eta jabe batzuk negozioa egin nahi badute, Frantziako estatuak bertako biztanleei egun horietan haien etxeak polizia indarren esku jartzeko eskaera egin die.

G7ko gailurrak Biarritzeko bizimoldean eragina izanen du hiru egunez. © Bob EDME
G7ko gailurrak Biarritzeko bizimoldean eragina izanen du hiru egunez. © Bob EDME

G7 gailurrak zeresana ematen segitzen du. Munduko zazpi potentzia nagusiak biltzeak, Biarritzeko eta oro har euskal kostaldeko bizia hankaz gora jarriko du. Joan den astean merkatariek haien arrangura adierazi baldin bazituzten, oraingoan etxebizitzei loturiko aferak hartu du lehen lerroa.

Gilbert Payet Pirinio Atlantikoetako prefetak Biarritzeko etxejabeei igorritako gutun pertsonalean, G7 gailurrak iraunen duen denboran haien etxea polizia indarren esku ezartzea galdegin die. Gutun hori eremu zehatz batean etxea duten biarriztarrek jaso dute eta etxea administrazioari alokatzea proposatzen zaie.

Gutunaren atal batek honela dio: “Alokatu nahi duzun etxe baten jabea baldin bazara, jakizu Estatua G7 garairako segurtasun indarrak aterpetzeko apartamenduak bilatzen ari dela”. Ondotik, administrazioari alokatzearen abantailaren berri ematen zaio jabeari, jabeak ez bailituzke beste edozein pertsonari alokatzekotan egingo lituzkeen prozedurak egin behar. Prezioei buruz gutunak hitz erdirik ez du aipatzen.

Bitartean, herritarren eta merkatarien artean ezinegona emendatzen ari da, informazio ofizialik gabe segitzen baitute eta trabak eta galerak baizik ez baitituzte espero. Horren harira, urtarrilaren 23an prefeturak prentsa agerraldi bat eginen du Biarritzen, orain arteko urratsen berri eman eta segurtasun perimetroak ezagutarazteko.

Alokairurako prezioak zeruan

Bestetik, G7 gailurrak iraunen duen denboran alokairuek izanen dituzten prezioak begiratzen hasita, begi bistakoa da batzuk garai hura patrikak betetzeko baliatu nahi dutela. Eskaintza ezberdinak arakatuz, Angelun kokaturiko 16 gelako etxe batean gailurrak iraunen dituen hiru gauak pasatzeak 8.390 euro balio du.  



Berez euskal kostaldean urtean zehar kario diren alokairuak udan emendatzen badira, G7 gailurraren garaian etxe bat alokatzea abantzu ezinezkoa izanen da. Kontuan hartu behar da ere Quebec-en 2018ko ekainean iragan zen gailurrean parte hartzaile guziak aterpetzeko 12.000 logela behar izan zirela. Honek guziak Euskal Herrian gailur honek etxebizitzaren arloan ere izanen duen neurrigabeko eragina erakusten du.