Kazeta

Herritarren audita Etchegarayren esku jarri du Baterak

Urtarrilaren 19an Euskal Herriko Laborantza Ganbarak egin Biltzar Nagusia baliatuz, Batera plataformak 2018ko udazkenean zehar egindako audita eskura eman zion Euskal Elkargoko lehendakariari. 19 orrialdeko txostenean, besteak beste, gobernantza itunaren berridazketa eta hautetsi karguen metaketari bukaera ematea proposatzen da.

Zortzi ataletan sailkatzen da Etchegarayren esku utzitako audita. ©Batera
Zortzi ataletan sailkatzen da Etchegarayren esku utzitako audita. ©Batera

Joan den urtarrilaren 19an Euskal Herriko Laborantza Ganbarak bere biltzar nagusia egin zuen Ainhize-Monjolosen. Jakes Bortayrou eta Nikolas Blain Baterako kideek biltzarrean bildutako publikoaren aitzinean Euskal Elkargoaren gobernantzari buruzko 19 orrialdeko audita aurkeztu zuten. Han zen Jean-René Etchegaray instituzioaren lehendakaria ere eta bera izan zen txosten horren hartzaile nagusia.

Txosten hori irailetik landa herritarrekin, adituekin eta hautetsiekin egindako bilkuretatik osatu ahal izan da. Zortzi ataletan sailkatzen da eta horietan 27 aholku egiten zaizkio Elkargoari. Dokumentua Elkargoaren ibilmoldea hobetzera begira egina dagoela adierazi du Baterak.

Gobernantza itunaren berridazketa “ahalik eta eperik laburrenean” egin beharko litzatekeela aipatzen da. Egungo itunak urtebeteko balioa du oraino, baina 2020an izanen diren hauteskundeen aitzinetik itun berria finkatzeari garrantzia ematen zaio. Gisa berean, txostenean hainbat kasutan hautetsi karguen metaketa mugatzea proposatzen da. Horiek horrela, Euskal Elkargoko lehendakaria izango litzatekeen pertsonak ezingo luke memento berean herri bateko auzapez izan. Bestetik, Elkargoan funtzio exekutiboak izatea ez litzateke bateragarria departamenduko, eskualdeko edo parlamentuko karguren batekin.

Informazio zuzenaren galdea

Udazkenean zehar egin diren bilkuren ondorioen artean, herritarrek uste dute Euskal Elkargoa ez dela instituzio parte hartzailea. Egoera hori konpontze aldera, Bateraren txostenak gizarte zibileko eragile eta pertsonak bilduko lituzketen batzorde tematikoak sortzea mahai gaineratzen du. Gisa berean, herritarrek informazioaren transmisio egokiagoa eskatu dute. Horien artean, bilkura erabakitzaileak zuzenean transmititu edo Elkargoaren aktualitatearen aldizkaria etxe guzietan banatzea proposatzen da.

Jean-René Etchegarayk arretaz entzun zituen txostenean bildutako ondorioen azalpenak. Iragarri zuenez, dokumentua kontseilari guzien artean aztertuko da. Baterak Ipar Euskal Herrian jokatzen duen “zaintza” lana goraipatu ondotik, irri solasak ere izan zituen Etchegarayk. “Pentsa, nire ardurak uzteko proposatzen ari zaizkit”, erran zuen.