Kazeta

Euskal artisten talde berria sortzen

Euskal eskulturaren munduak talde berri bat du: identitate artistiko bati loturiko artistak bildu nahi dituen “Gaurko eta hemengo eskultoreak”, hain zuzen.

Gotzon Huegun artistaren obra. © Régis POCHELU
Gotzon Huegun artistaren obra. © Régis POCHELU

Joan den abenduaren 7an, erakusketa berezi bati bukaera eman zitzaion Tolosan (Gipuzkoa). Abantzu hilabete batez, hemeretzi euskal eskultore bertako Aranburu jauregian elkartu ziren. “Gaurko eta hemengo eskultoreak” izenburupean, elkar hartze honek sortzen ari den talde bat islatzen du, justuki, Baionako Euskal Museoak Gaur-i eskainitako erakusketa bati bukaera eman dion mementoan.

“Bistan da Gaur taldea ezin genuela galdu. Egokiena garai hari eta garai hartan egin zutenari erreferentzia egitea izan da, artearen eta eskulturaren bidez berresten baita kultura berezi bat ukaitearen harrotasuna. Alta, egungo jendartea ez da duela 50 urtekoa: haiei egiten zaie erreferentzia, baina egun garen jendarteari idekirik”, azaldu du Régis Pochelu taldeko kideak.

Beraz, lehen saiakera hau ez da puntuala izanen. Elkartze honen xedea da beste leku batzuetan ere erakusketak eskaintzea. Mementoan deus baieztaturik ez bada ere, lehen enkontru honetan topaketak izan dira. “Ekimenak prestatzen ari dira, biziki kitzikagarriak, baina hau guztia oso freskoa da. Garrantzitsuena gogoa da eta guk badugu”.

Artearekiko identitatea

Taldea sortzearen ideia haietako ainitzen buruan bazen ere, Guillermo Olmo izan zen gauzatzera eraman zuena: “Zezenari adarretatik heldu zion. Lehen erakusketa honi buruz mintzatzeko bilkura batetara gomitatu eta lurraldeko eskultoreak elkartzeko desioa agertu zidan”, gaineratu du Régis Pocheluk.

Beste ezer baino gehiago, taldea artistikoa da. “Politikoki pentsatzen dugunaz harago, bada urrunagora eramaten gaituenik: gure sustraien eragina. Euskal eskultoreen adierazpideen bidea sentitzen eta ikusten ditut. Identitate bat badela aurkitzen dut, espresio horren egiazkotasun bat”.

Erakusketa denbora laburrean eraiki zen. Espazioak 19 artista hartzeko aukera ematen zuen. Chillida, Oteiza edo Basterretxearen gisakoen ondorengoak hauek dira: Alex Morlotez, Régis Pochelu, Marijose Recalde, Eskerri, German de Los Rios, Pablo Juarros, Koko Rico, Efren, Gilles Plantade, Paul Montague, Gotzon Huegun, Corne Nuham, Guillermo Olmo, Christiane Giraud, Iñigo Manterola, Victor Arrizabalaga, Imanol Andonegi, Helena Santano edo Virginia Sargal.

Zerrenda hau ez da finkoa eta ez dute nehor ahantzi nahi. Taldea lehen elkar hartze baterako sortu zen eta bisitariek izandako harrera aztertzeko aukera eman du, baina garapen bat izaten ahal du. “Erakusketa nahiko heterogeneoa da. Ikuspegi materialetik, bakoitzak bere bidea eta tresna du, baina bada batzen dituen zerbait.” Eskultoreak lan garaiak lotzen ditu eta bataz besteko adina antzekoa da.

Gaur-ek zuen borondateari jarraiki, euskal eskola bat sortzeko ideia ez da baztertzen, baina talde honen sorrera oraingoz erakusketak eskaintzera begira dago. “Nire eskola, adibidez, bizitzaren eta nire sustraien eskola da. Kultura bat biziarazteko, berau adierazten eta eraikitzen segitu behar da”.

Gaur-en iraganeko egintzak baitezpada jarraitu gabe, bere nahia egungo eskultoreak elkartuz geroa marraztea da: “egia da egungo mundu artistikoan eskultoreak usu gurdiaren hirugarren gurpila direla. Baina antzinakotasun handiena duten obrak grabatuak eta eskulturak dira. Gure sustraiekiko lotura hor da”. Ondoko urratsa laster argia ikusiko duen web ataria izanen da (www.euskaleskultoreak.com) eta zalantzarik gabe, beste hainbat erakusketa. Arretaz segitzeko modukoa.