Anaiz Funosas
Bake Bideako bozeramailea

Urtarrilaren 12an Baionan eta Bilbon iraganen diren manifestazioek sostengu zabala eta anitza jaso dute. Alderdi politikoek, sindikatuek, mugimendu sozialek, apezek zein eragile kulturalek beren elkartasuna adierazi dute. Anaiz Funosas Bake Bideako bozeramaileak lorturiko babesari buruzko irakurketa "pozgarria" plazaratu du.

“Jaso dugun sostengua zabala eta anitza da, sorpresa ederrekin gainera”
Iurre BIDEGAIN|12/01/2019 08:50|0 commment
Anaiz
Anaiz Funosas, Miramarreko ekitaldian. (Jon URBE/FOKU)

Jendeak neurria hartu dio egoerari. Jendeak ez du nahi egoera bere horretan geldi dadin.

Argi dena da 12an ez dela deus bukatzen eta ber-bultzatu behar dugula bidea.

Alderdi politikoak, sindikatuak, apezak, kultur eragileak... Nola baloratuko zenuke urtarrilaren 12an Baionan zein Bilbon antolatutako manifestazioek jaso duten sostengua?

Anaiz Funosas: Errango nuke azken urteetan lantzen den haritik, zabala eta anitza izan dela, sorpresa ederrekin, gainera. Orain arte ez genuelako lortu giza mundutik edo sindikalisten aldetik hain sostengu azkarra. Kontent gara ere hautetsiekin pausu polit bat eman delako, kualitatiboa.

Hiri Elkargoko exekutiboko arduradun gehienak alde agertu dira. 

Jendeak neurria hartu dio egoerari. Jendeak ez du nahi egoera bere horretan geldi dadin. Ipar Euskal Herrian barneratuta dago Aietez geroztik egindako bidea. Gizarteak gogoa du lurralde bezala agertzeko Parisen aitzinean eta errateko: 'hemen gara eta gehiengoak duen borondatea errespetatu behar da'.



Sorpresa ederrak aipatu dituzu. Orain arte elkartasuna adierazi ez dutenei aipu egiten diezu?

Deialdi ezberdinak antolatu izanari aipu egiten diot. Egon egon dira sostenguak. Oraingoan atzematen dugu jendea sektorialki joan dela. Nahiz eta manifestazioa jakitera eman lehenago, blokeoren berri eman da abenduaren 14an eta harritu gara berriz ere ikustea hemen dugun gaitasunaz behar den moduan erantzuteko eta antolatzeko.

Hautetsietatik aparte, alderdi zein sindikalistek haien harria jarri dute haien sindikatuetan izan diren problematikak gaindituz. Eliza mundua zein kulturgintza ere horren alde agertu dira. Sorpresa handiena hortik dugu. 



Departamenduko sozialistak ere mobilizazioen alde agertu dira. Ezusteko bat izan antolatzaileentzat?

Egia da azken garai luze hauetan ez dugula ukan departamenduko babes hori. Nabarmendu dugu iritsi delako justu deialdia publiko egin genuen mementoan. Poztekoa da. Baina, hala ere, lana hor dugu eta segitu behar dugu aitzina. Argi dena da 12an ez dela deus bukatzen eta ber-bultzatu behar dugula bidea. 



Sorpresak goraipatu dituzu, baina, haatik, batzuk ere faltan bota izan dira mobilizazioen sostenguen artean. Denise Saint-Pé senataria eta Vincent Bru diputatua deialdia izenpetu duten bakarrak dira. Zer gertatu da beste diputatu eta senatariekin?



Ez da deus gertatu. Gaur ostegunean gara eta esperientziaz badakigu horrelako mementoetan azken minuturaino gauza anitz gerta daitezkeela eta sostengu gehiago ager daitezkeela. Urtarrilaren 12an ikusiko dugu zinez zeintzuk diren eskas eta zeintzuk diren gure trenean sartu direnak. 



Max Brissonek, adibidez, ostegunean oraindik ez du erabaki zein izanen den bere jokamoldea. Orain arte ez du jarrera hori erakutsi...



Ez, egia, ez da horrelakoa izan. Ikusiko dugu. Ez du erabakia oraindik hartu baina horrek ez du erran nahi ez duenik hartuko.