Kazeta

Lohi gorri erradioaktiboa Baionako portuan

Gutienez 2.000 tona bauxalina garraiatu dira Paca eskualdetik Baionako portuan instalatuko den laminagailu gunera. Inguruko auzoek erradioaktibitate naturalaren tasa baino ainitzez gehiago arnastu beharko dute, horrek osasunarentzat duen arriskuarekin.

Akitania Berria eskualdea da Baionako portuaren jabea. © Gaizka Iroz
Akitania Berria eskualdea da Baionako portuaren jabea. © Gaizka Iroz

Joan den urritik hona Baionako portuan laminagailua eginen den gunean 2.000 tona bauxalina isuri dira. Oso erradioaktiboa den substantzia honek berun kopuru handia du. Celsa altzairutegiak lurren indusketa lanak egin nahi ditu eta erradioaktiboak diren lurrak lantzeko bauxalina erabiltzen du.

Bauxalina Gardanneko (Paca eskualdea) Alteo enpresaren aktibitateak sortzen duen lohi gorria da. Bere web atarian "alumina espezializatuaren ekoizpenean munduko liderra" izateaz harro ageri da. Luzaroan itsasora isuri ondotik, egun Alteok Baionako portuan den bauxalina lohi gorria egiteko idortze teknika bat erabiltzen du.

Substantzia errepide eta laminagailuen aparkalekuak eraikitzeko erabili behar zen, baina ingurumen elkarteek trafikoan eragiten ahal zituen arriskuez oharturik, substantziaren bideratzea etenda gelditu da. "Gainera, langileek bauxalina babesik gabe manipulatu zuten", erran du Pascal Burgues CADE kolektiboaren ur eta industria batzordearen arduradunak.

Bigarren Fertiladour bat

"Kutsadura arriskua handia da", jarraitu du Burguesek. Bere hitzetan, euriarekin bauxalina lurraren barnean infiltratu eta haizearen eraginez inguruko auzoek arnastu beharko dute. Erradioaktibitate maila lautik zortzira bitarte altuagoa da, erradioaktibitate naturalarekin konparazioa eginez gero. Bestalde, ohartarazi dutenez, Notre Dame des Forges eskola bertatik aski hurbil da.

Aturriko itsasadarreko kutsadura industrialerako prebentzioaz arduratzen den idazkaritza iraunkorrak ez du iritzirik plazaratu, abenduaren 11n biltzekoa bazen ere. Bere aldetik, Landetako prefeturak lanetarako baimena emateko argudiatu du Frantziar estatuko zerbitzuek bauxalina produktu gisa izendatu zutela eta ez haatik, lohi gorri gisa.

"Aitzakia hau Ramuntxo Garbisu kazetariak idatzitako "Au-delà des morts" liburuarekin erori egiten da", adierazi du CADEren kideak. Liburuan Bokalen kokaturik zen Fertiladour enpresak eragindako tragedia kontatzen da, erradioaktibitatea naturala baino 100 aldiz handiagoa izan baitzen. Egindako inkesta gehigarriek ere tokiko lurretan 300 aldiz erradioaktibitate handiagoa dagoela erakutsi dute.