Kazeta

“Ez gara damutzen”

2015eko uztailean Ortzaizen atxilotuak izan ziren Grazi Etxebehere, Jeff Mateo eta Terexa Lekunberrik aurtengo martxoan joan behar izan zuten Pariserat eta instrukzio epaileak dosierra hesteko asmoa zuela jakinarazi zien. Hiru orzaiztarrak eta egun Fresnesen preso diren Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea heldu den abenduaren 17, 18 eta 19an auzipetuko dituzte Parisen.

Hiru urte eta erdiren ondotik, berriz ere Grazi Etxebehereren etxean da hitzordua. Zalantzarik gabe, egungo egoera ezberdina da. Atxilotua izan zen egunean poliziak etxeko ganbarak hauts beltzez bete zituen, hatz-aztarnak aurkitzeko xedez. Orzaiztarrari ETAko bi militante aterpetu izana leporatzen zaio: Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea. Bi egun lehenago, Jeff Mateo eta Terexa Lekunberri atzeman zituen poliziak, haien semeak baxoa gainditu izana ospatzen ari zirela. Bost euskal herritarrak heldu den abenduaren 17tik 19ra Parisko zigor auzitegian epaituko dituzte.

Jeff Mateo eta Grazi Etxebehere lasai dira. Azken hiru urteak ez dituzte gisa berean bizi. Hiru orzaiztarrak ez zituzten preso sartu, baina kontrol judizialpean jarri zituzten. Etxebeherek ez bezala, Mateok eta Lekunberrik aurtengo maiatzera arte bi asterik behin jendarmeriara joan behar izaten zuten izenpetzera. Beste debeku eta mugapen batzuekin batera. Erretretan den erizainaren hitzetan, burutik ezin izan ditu kendu preso diren bi pertsonak.

Hurrengo urratsak istorio bati amaiera ezarriko dio. Hiru orzaiztarrek memento hori ez dute modu pertsonal baten gisan erabili nahi. Azken urteetan Euskal Herrian garatzen ari den bake prozesua hartu nahi dute hizpide. “Beste ingurune batean militatzen segitzeko beste modu bat da”, adierazi du Grazi Etxebeherek.

Biek ala biek argi dute egindakoz ez direla damu. Are, Etxebehere biziki uros da bake prozesuan parte hartu izanagatik eta bakerantz eramaten duen bidean “harri ttipi bat ezartzeagatik”. Duen dolu bakarra “gauzak behar bezain fite ez direla mugitzen ikustea da”. Bere ustez Luhusoren gisako elektroxok bat behar da, “ikus dezaten, guk herri hau maite dugula”.