Kazeta

Migranteak laguntzeko boluntario gehiago behar dira

Urrian sortu zen Diakité elkarteak iragaitzazko egoeran diren migranteak laguntzen ditu Baionan. Eguberriak hurbil diren honetan, elkarteak boluntario gehiago xerkatzen ditu, bakantza garaian lana emendatuko baita. Janaria eta garbitasun produktuak ere behar dituzte.

Lesseps kaian Diakité elkarteak kudeatzen duen lokala. © Isabelle MIQUELESTORENA
Lesseps kaian Diakité elkarteak kudeatzen duen lokala. © Isabelle MIQUELESTORENA

Eguberrietako bakantzak ate joka direlarik, Euskal Herritik iragaten diren migranteak laguntzeko beharrak biderkatuko dira. Hala baieztatu du Maite Etxeberri Baionako Diakité elkarteko lehendakariak. Bere hitzetan, bakantza garaian autobus txartelen prezioa garestitu egiten da eta lekuak usu okupatuak dira. Ondorioz, migrante horietako ainitzek beren bidean segitzeko garai hau pasatzea itxoiten dute eta horrek elkartearen lokalean jende gehiago metatzea ekarriko du.

Hori dela eta, Diakité elkarteko kideek ondoko asteetarako boluntario gehiago xerkatzen dituzte. Egun 350 direla jakinarazi du Etxeberrik eta ainitz direla aitortu badu ere, maleruski ez dela aski ohartarazi du. “Egunaren 24 orenetan behar dugu jendea, asteko egun guzietan. Lan handia bada egiteko”, azaldu du. Izan ere, egunero 130 migrante inguru laguntzen ditu Diakité elkarteak. Mugimendu handia dagoela diote, egun oroz arribatu eta abiatzen baitira migranteak.

Boluntarioen egin beharreko lanez galdetuta, elkarteko lehendakariak adierazi du astean bi permanentzia segurtatu behar direla. Asteazkenetan goizeko 10.00etatik eguerditara eta igandetan arratsaldeko 15.00etatik 17.00etara. Horrekin batera, janaria zerbitzatzeaz gain, jantziez arduratzea ere biziki garrantzitsua da, ainitz biltzea lortu baitute eta migranteekin ongi antolatzea baitezpadakoa baita. Boluntarioek bidaiatzeko txartelak eskuratzen ere laguntzen dute.

Edozein gisaz, migranteekiko harremana eta elkar ezagutza sustatu nahi ditu elkarteak, haien hitzetan, bere lana ez baita soilik zerbitzu bat eskaintzea. Boluntario izan nahi duen oro Baionako Lesseps kaiako 18.ean kokaturiko “Pausa” lokalera joan daiteke.