Kazeta

“Anitza, baikorra eta arrakastatsua” izan da aurtengo Durangoko Azoka

Durangoko Azokaren 53. edizioa “anitza, baikorra eta arrakastatsua” izan dela aipatu dute antolatzaileek. “Borobila” izan den azokak aurreikuspenak gainditu dituela goraipatu dute. Orotara, 115.000 lagun baino gehiago bildu dira Durangora. 2019ko abenduaren 5etik 8ra ospatuko da Azokaren 54. edizioa.

Altxorraren bilaketa Durangoko azokan. (Marisol RAMÍREZ / FOKU)
Altxorraren bilaketa Durangoko azokan. (Marisol RAMÍREZ / FOKU)

Izenburuko hiru hitzok baliatu zituen igandean Gerediaga Elkarteak 53. Durangoko Azokaren balorazioa egiterako orduan, Garako artikuluak azaldu duenez. «Gure aurreikuspenak bete eta gainditu dira. Azoka borobila izan da, alderdi kuantitatibo eta kualitatiboan», nabarmendu zuten, eta Azokaren guneetan ez ezik Durango osoan izan den giroan ere jarri nahi izan zuten azpimarra: «Azoka, beste behin, euskal kulturaren plaza izan da. Sortzaile, ekoizle eta bisitariak elkartzeko gunea: proiektu berriak sortu, plazaratu eta erosteko plaza, hausnarketarako eta euskal kulturaz gozatzeko».

Egunez eguneko errepasoa eginda, Ikasle Egunaren osteko egunetan bisitarien joan-etorria orekatua izan dela ere zehaztu zuten. Izan ere, abenduaren 5ean goizez ikasleek hartu zuten Azoka eta arratsaldea lasai joan zen, baina hurrengo lau egunetan «milaka eta milaka azokazalek Landako gunea bete dute une oro», eta azken urteekin alderatuta bisitari kopuru aldetik orekatuena izan dela esan zuten, «ez baita gora-behera nabarmenik egon; egun guztietan egon da Azoka beteta». Gerediagak egiten duen lehen estimazioaren arabera, 115.000 lagunetik gora gerturatu da Landakora, aurreikuspenak gaindituz: besteren artean, lehen urtez kaleratutako “DA!” poltsak larunbatean agortu zirela esan zuten, eta, Landakoko erakusleihoen planoak, aldiz, hirugarren egunean.

Azokan izan diren bisitarien profilari begira jarrita, «aniztasuna» nabarmendu zuten Gerediagako ordezkariek. Azokara urtero etortzen direnak, lehen aldiz gerturatu direnak zein atzerritik etorritakoak, denetik izan dela esan zuten, baita euren bisita antolatzen dutenen kopurua gora doala zehaztu ere. Horren ispilu da Azokako webgunea: atzo arratsaldeko datuen faltan, sarean jarritako programazioa 41.500 bisitarik kontsultatu dutela nabarmendu zuten.

Egunez eguneko errepasoa ere egin zuten. Ikasle Egunari begira jarrita, etorkizuneko belaunaldiek Azokan presentzia izatearen garrantziaz jardun ziren: «Etorkizuneko sortzaile, ekoizle edo bisitariak izango dira. Estrategikoa da euskal kulturaren transmisiorako». Hargatik, Ikasle Eguna indartzen jarraitzeko asmo sendoa dutela ziurtatu zuten.

Lehen Sormen Beka

Bigarren egunean aurtengo nobedadeetako bat izan zen protagonista: Sormen Beka. Etzi Portu Maritimoak aurkeztutako ATOPIArpg proiektuak irabazi du beka eta hurrengo urteko Azokarako euskarazko lehen rol-jokoa aurkeztearen erronka hartu dute. «Proiektu berritzailea, sortzailea eta freskoa da, umorea lantzen du eta aukera emango die bisitari eta kulturzaleei egitasmoan parte hartzeko», baloratu zuen Gerediagak eta datozen edizioetan ere sortzaile berriei euren lanak erakusteko «plaza eskaintzen eta ikusgarritasuna ematen» jarraituko dutela ziurtatu zuten.

Aurtengo beste nobedadeetako bat Iurreta alboko aparkalekuetatik Azokara bertaratzeko doako autobus zerbitzua izan da. Gerediagaren hitzetan, bisitari asko izan dira garraio publikoaren hautua egin dutenak eta doako zerbitzuak 5.000 erabiltzaile izan ditu. «Aurreko urteetako bisitari kopurua asko igo da eta hirugarren autobus bat antolatu behar izan dugu zerbitzua indartzeko», aipatu zuten.

Ildo berriei eusteko bide horretatik, aurten bigarren urtez gaitasun ezberdinak dituzten personei Azokarako bidea errazteko “Kultura guztion eskura” egitasmoa antolatu dutela ere ekarri zuten gogora: «Oraindik Azokak bide luzea egin behar du bisitari guztientzat inklusibo eta irisgarria izateko, baina norabide horretan urratsak ematen jarraitzen dugu», esan zuten. Gorabide elkartea dute horretarako bidelagun, egunotan Azokan ibili baitira hutsuneak identifikatu asmoz.

Horiez gainera, Siadecok ere 700 inkestatik gora egin ditu, Azokaren inguruko datu orokorragoak biltzeko.

Urtero legez, editore, diskoetxe, autoekoizle eta sortzaileen iritziak ere bildu ditu Gerediagak eta oro har «Azoka ona» izan dela baieztatu zuten. Salmenta aldetik aurrekoekiko «berdintsua» izan dela eta «kasu askotan espektatibak gainditu» egin direla gaineratu zuten: hainbat argitaletxeren ekoizpenak agortu direla eta zenbait sortzaileren sinadura jasotzeko ilarak izan direla azpimarratu zuten.

Guneak gero eta ezagunago

Azoka osatzen duten guneetako zenbait datu ere eman zituzten. «Bisitariak gero eta gehiago kontsultatzen du egitaraua eta horrek eragin zuzena du Azokako zazpi guneetan: gero eta ezagunagoak dira eta aurtengo edizioan gune guztietan bisitari kopuru handia egon da», esan zuten.

Irudienean indar berezia jarri da aurten eta horrek gorakada ekarri duela esan zuten. «Harrotasunez esan dezakegu Irudieneak bere txokoa duela Azokan, euskarazko zinemak gero eta ikusle gehiago dituela eta hau urrats bat besterik ez dela», esan zuen Johana Olabarria arduradunak.

Bere aldetik, Saguganbarako areto handia saio guztietan beteta egon dela esan zuten eta zenbait tailerretarako itxaron-zerrendak ere egon direla. Kabi@n balorazio positiboa egin eta «teknologia-proiektuen bizitasuna argi» gelditu dela esan zuen Gorka Julio arduradunak, eta Areto Nagusian egindako aurkezpen eta solasaldiek «hausnarketa mamitsuak» utzi dituztela esan zuten. Ahotsenean ere balorazio positiboa, «maila kualitatibo zein kuantitatiboan»: «Sortzaileak pozik daude eta guk gero eta argiago ikusten dugu zeinen garrantzitsua den horrelako plaza bat eskaintzea», esan zuen Unai Pelayo arduradunak.

Szenatokian 1.000 ikusletik gora izan dira eta horrek «espazioa finkatzea» ekarri du eta, azkenik, Plateruenan «giro aparta» izan dela ziurtatu zuten: kontzertuek profil ezberdinetako jendea erakarri dutela eta hori aberasgarria dela ere nabarmendu zuten.