Kazeta

Bake prozesuan hartu beharreko erabaki judizialak debatera Parisen

“Zigorraren zentzua bakearen ondoren” izeneko konferentzia eginen da heldu den abenduaren 13an Parisko Abokatuen Kolegioan. Euskal Herriko bakearen aldeko juristen batzordeak eta Parisko Abokatuen ordenak antolaturik, ETAren desegitearen ondotik hartu beharreko erabaki judizialei buruzko debatea eginen da, beste gaien artean.

2015ean Asanblada Nazionalean iragan zen konferentzia humanitarioa. ©Bake Bidea
2015ean Asanblada Nazionalean iragan zen konferentzia humanitarioa. ©Bake Bidea

Baionan eta Bilbon urtarrilaren 12an eginen diren manifestazioak baino hilabete lehenago konferentzia bat antolatua izan da Parisko Abokatuen Kolegioan. Abenduaren 13an arratsaldeko 19.00etan hasiko den eztabaidaren antolatzaileak Euskal Herriko bakearen aldeko Parisko juristen batzordea eta Parisko abokatuen ordena dira. Bake Bideak sustengatu eta bertan parte hartuko du ere.

“Zigorraren zentzua bakearen ondoren” izenburupean iraganen den konferentzian itzal handiko pertsonalitateak elkartuko dira. Honela, abokatuen elkarteko buruak, Serge Portellik (Euskal Herriko bakearen aldeko juristen batzordea) eta Anaiz Funosasek (Bake Bidea) eginen dituzte lehen hitzak. Amane Gogorza Toulouseko 1 Capitole Unibertsitateko zuzenbide pribatu eta zientzia kriminaletako irakasleak gidatuko ditu hastapeneko hitzartzeak.

Ondotik, ETA erakundearen eta errepresioaren bilakaera historikoa aztertuko dituzte. Batetik, desegindako erakunde independentistaren historia soziala azalduko du Xavier Crettiez zientzia politikoetako irakasleak. Bestalde, ETAren kontra erabili izan den errepresioa hizpide izanen du Emmanuel Pierre Guittet Manchesterreko Unibertsitatean irakasle eta zientzia politikoetan doktore denak.

Atal honetan torturaren praktikak ere leku garrantzitsua hartuko du. Francisco Etxebarria medikuntza doktore zein auzitegi medikuntzan espezialista eta Aranzadi Zientzia elkarteko lehendakariak eginen ditu azalpenak.

Erabaki judizialak, eztabaidaren erdian

Konferentziaren bigarren zatiak egungo egoeran eta aitzina begirakoan ezarriko du arreta. Batez ere ETA erakundea desegin ondotik hartu beharreko erabaki judizialez arituko dira parte hartzaileak, “posible al da bilakaera bat?” galdera nagusiari erantzun asmoz.

Zehazki, praktika judizial frantsesean ETAren erabakia kontuan hartzeaz mintzatuko da Jean Paul Céré zuzenbide penaleko elkarte frantseseko lehendakaria eta alor horretan frankofonoen nazioarteko batzordearen lehendakari ere denak.

Ondotik, mahai ingurua izanen da. Bertan izanen dira Le Gaudu zigorren aplikaziorako epailea, Michel Tubiana LDH-en Giza Eskubideen Ligako ohorezko lehendakaria, Xantiana Cachenaut Baionako elkargoko abokatua eta oraino bere presentzia baieztatu ez duen Caillibotte fiskala.

Partaidetza ikusirik, eztabaida bizi eta interesgarria aurreikus daiteke, erabaki judizialak baitira egun bake prozesuan aitzinatzea trabatzen duten korapilo nagusietarikoak. Beste hainbaten artean, 28 urtetik goiti presondegian diren Jakes Esnal, Ion Parot eta Xistor Haranburu edo Ibon Fernandez Iradi larriki eri den euskal presoaren auziek blokeatuta segitzen dute.

Saioari bukaera Philippe Texier ohorezko magistratu eta Nazio Batuen zuzenbide ekonomiko, sozial eta kulturaletarako batzordeko kide ohiak emanen dio.