Emmanuel Macron abenduaren 18an heldu da Biarritzera

Frantziako presidentea Biarritzen izanen da heldu den abenduaren 18an, asteartearekin. 2019ko agorrilaren 25etik 27ra Lapurdi kostaldeko herrian eginen den G7 gailurra prestatzeko bilkuran parte hartuko du.

Kazeta|07/12/2018 06:50|0 commment
Capture_d_e_cran_2018-12-06_a_11
Emmanuel Macron Frantziako presidentea.

“Maite dudan hiri bat, niretzat hain garrantzitsua den eskualde batean”. Hauek izan ziren Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Biarritz definitzeko erabili zituen hitzak. Preseski, Macron heldu den abenduaren 18an jinen da Euskal Herrira, bertan 2019ko agorrilean eginen den nazioarteko G7 gailurra prestatzeko bilkura batean parte hartuko duelarik.

Informazio hori hedabide ezberdinetan atera bada ere, Pirinio Atlantikoetako prefeturak erran du ez duela bisita horren berririk. Biarritzeko Herriko Etxeak ere ez du informazioa baieztatu. Duela zenbait egun Michel Venauc auzapeza Frantziar Estatuko hamar auzapezekin batera Eliseo Jauregira gomitatua izan zen Macronekin mahaia partekatzera.

Euskal Herriko France Blue irratiak emandako informazioaren arabera, hainbat enbaxadore eta europar nahiz munduko erakunde hurbilduko dira heldu den abenduaren 18ako bilkurara.

Emmanuel Macron jinen dela jakin bezain fite, hainbat mugimendu erreakzionatzen hasiak dira, tartean Aitzina gazte erakundea: “Jakobinismoaren eta kapitalaren presidentea. Macron kanpora”, dio kaleratu duten afixak. Herri mugimendu ezberdinen aldarrikapenak presente izanen direla aurreikustekoa da. Besteren artean, oroitzekoa da G7 gailurraren kontra Euskal Herrian eragile ezberdinak biltzen dituen plataforma sortu dela. Ez da harritzekoa izanen ere erregaien zergen emendatzearen kontrako protestak ikustea.