Iurre BIDEGAIN

“2020ko Xilaba banakakoa izanen da eta irudi luke, 2022koa taldekakoa izanen dela”

Xilabaren balorazio baikorra plazaratu du Bertsularien Lagunak elkarteak. Parte hartzaile zein publikoaren artean sorturiko giro goxoa arrakastaren seinale da. Horiek horrela, bilana ondoko egunetan egingo badu ere, Xumai Muruak aurreratu du 2022ko txapelketa taldekakoa izanen dela, berriz ere.

Pantxika Solorzano, Aitor Servier, Xumai Murua eta Ellande Alfaro. ©Isabelle Miquelestorena
Pantxika Solorzano, Aitor Servier, Xumai Murua eta Ellande Alfaro. ©Isabelle Miquelestorena

Xilabaren formula berria luzaz irauteko plantan eman dute. Bertsulariak banaka oholtza gainera igo ordez, taldeka parte hartu dute aurtengo txapelketan. Nahiz eta oraindik Bertsularien Lagunak elkarteko kideak ez diren elkartu bilan ofiziala egiteko, eredu berriaren arrakasta ikusita, berriz plantan ezarriko dela iragarri du Xumai Murua lehendakariak. Hemendik bi urtera banakakoa izanen da "bai ala bai" Euskal Herriko Txapelketara sailkatzeko beharrezkoa baita, baina bere hitzetan, "irudi luke 2022koa taldekakoa izanen dela".

Umoretsuagoa eta parte harzaileagoa. Zalantzarik gabe, Xilabaren formula berriarekin bat egin dute bertsulariek baita publikoak ere. Xumai Muruak azpimarratu duen bezala, formula berriak "bakoitzak bere lekua atzemateko bidea ideki du". Hots, oholtza gainera igotzera ohituta ez diren bertsulariak parte hartzera animatu dira, taldeak eskaintzen duen goxotasunak lagunduta.

Pantxika Solorzano horren adibide da. Gai-egile gisa aspalditik parte hartzen du Xilaban. Euskal Herriko Txapelketan aritu ondotik eta horrek suposatu zion lan zama kontuan harturik pausa bat hartu nahi izan zuen Xilaba alde batera utzita. Baina, formula berria esplikatu ziotenean, Aitor Servier, Xumai Murua bera eta Ellande Alfaro bere auzoekin batera Mattinsalto taldean gai-egile gisa parte hartzera animatu zen. "Bertsuaren plazera eta presio gutiago sentitu dugu, dudarik gabe", aitortu du.

Gai-emaile batek, besteak beste, saio baten gaiak prestatu, ongi ahoskatu, ondo aurkeztu eta errolak ongi menperatzen ikasi behar duela azaldu du. Bertsularia izatearen pausu hori emateko alimaleko prestaketa beharrezkoa dela iruditzen zaio. Baina, ondoko aldietarako urrats bat aitzina eta "bertsu bat edo bi, zein agurra" pentsatu beharko dituela dio irria ahoan.

Bertsu saioek "euskal sentimendu bat eragiten diotela" nabarmendu du. "Bertsuak kultura eta identitateari lotuak dira. Eri tipia sartua duzularik, beso osoa sartzen duzu mundu horretan", aipatu du.

Bertsularitzaren zaletasuna bere lanbidean ere murgildu duela azaldu du. Eskola elebidunean euskaraz irakasten duen azkaindarrak dioenez, "bertsularitza klaseetan sartu dudanez geroztik, ikasleek hizkuntzarekin beste harreman bat dute eta edozein mementoan errimak egiten dituzte".

Nahiz eta oholtzatik jaitsi berri den, Euskal Herriko Txapelketarekin pentsatzen hasia dela dio. Dudarik gabe, berriz ere parte hartu nahi luke. Horrek eskatzen duen lan zamari aurre egiteko oraindik tartea duela erran du irriz eta emozioz beterik.