Kazeta

Frantziako Gobernuak gas, elektrizitate eta erregaien tasak sei hilabetez izoztu ditu

Edouard Philippe lehen ministro frantsesak gas, elektrizitate eta erregaien prezioen izoztea iragarri du ondoko sei hilabeteetarako. Gobernuak denbora irabazteko eta azken asteetako protestak baretzeko neurri gisa hartu du erabaki hori.

Indarkeria gelditu behar dela irmo adierazi du Edouard Philippek.
Indarkeria gelditu behar dela irmo adierazi du Edouard Philippek.

2019ko urtarrilaren 1erako iragarrita zeuden neurri fiskalen gibelapena jakinarazi du Edouard Philippe lehen ministro frantsesak. Neurri horiek erregaien emendatzea eragingo zuketen. Oraingo erabakiarekin, gutienez 2019ko erdialdera arte ez dira indarrean sartuko.

Telebistak zuzenean emandako agerraldi batean Philippek adierazi du “haserre hau aspaldikoa  dela eta denbora luzean mutu egon dela”. “Gaur azkarki eta kolektiboki agertzen da. Ez ikusteko eta entzuteko, gor eta itsu egon behar da”, gaineratu du. Ildo horretan, sistema fiskal frantsesa osoki berraztertzeko elkarrizketa idekiko duela jakinarazi du.

“Zerga batek ezin du nazioaren batasuna arriskuan ezarri”, segitu du lehen ministroak eta hori dela eta, sei hilabetez hiru neurri fiskalak bertan behera utzi ditu. Gisa horretan, elektrizitate eta gasaren prezioak ez dira neguan emendatuko eta karbono tasaren igoera gibelatua gelditu da. Horiekin batera, Philippek urte erdi horretan ibilgailuen azterketa teknikoaren gogortzea ere bertan behera gelditzen dela adierazi du.

“Berehalako neurri hauek herrialdearen lasaitasuna ekarri behar dute. Azken asteetan azaldu diren arranguren inguruko zinezko elkarrizketa bat abiatzea permititu behar digute”, erran du gobernuburu frantsesak. Hala ere, indarkeria gelditu behar dela irmo adierazi du, “txaleko horien” mugimendua hasi zenetik, lau pertsona hil eta ehunka eritu direla oroitarazi nahian.

Zergei buruzko eztabaida

Philippen hitzetan, Parisek ez dio uko eginen kutsaduraren eta aldaketa klimatikoaren kontrako borrokari, baina onartu du beharrezkoa dela trantsizio hori frantsesak lagunduz egitea. Emmanuel Macronek berak ere iragan astean halako adierazpenak egin zituen.

Azaroaren 4ko agerraldian iragarri duenez, zergen inguruko eztabaida handi bat idekiko du Frantziako Gobernuak. Abenduaren 15ean hasi eta 2019ko martxoaren 1era arte iraunen du. Denbora irabazi nahi du exekutiboak, baina aterabide zaila du, orain arte aurkezturiko planak ez baitio balioko geroan ere.

Bitartean, “txaleko horiek” herrialde osoan petrolio biltegien blokeoekin segitzen dute. Horrek hainbat ezantza-zerbitzugune hornidurarik gabe geratzea ekarri du, errepideen hestearekin batera. Philippek nabarmendu nahi izan du manifestaziorako eskubidea existitzen dela, baina “segurtasun eskubidea” ere bermatu behar dela eta lasaitasunerako mezua errepikatu du agerraldian zehar.