Frantziako Gobernuak bigarren egunez gibelera egin behar izan du

Herenegun Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak ondoko sei hilabeteetarako gas, elektrizitate eta erregaien prezioen izoztea iragarri zuen. Asmo horrek 24 oren baino gutiago iraun du, herritarren protesten ondorioz Macronen Gobernuak amore eman behar izan baitu eta 2019an ez baita indarrean sartuko.

KAZETA|06/12/2018 08:25
Guz_gilets_jaunes_bobedme104
Asteotako protestek Frantziako Gobernua gibelera egitera behartu dute ©BOBEDME

Frantziako Gobernuak herenegun denbora irabazi eta azken asteetako protestak baretu nahi izan zituen. 2019ko urtarrilaren 1erako iragarrita zeuden neurri fiskalen gibelapena jakinarazi zuen Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak. Neurri horiek erregaien emendatzea eragingo zuketen.

Alta, delibero horrek guti iraun du eta bart, azaroaren 5ean, ministroen kontseiluak erabaki zuen erregaien zergen emendatzea bertan behera uztea. Beraz, egun bat aitzin iragarritako gibelapen asmoa ere ezerezean geratu zen, honek ez baitzituen protestak eta mobilizazioak baretu. Bigarren egunez amore eman du Macronen Gobernuak.

Edouard Philippe berak Frantziako Asanblada Nazionalean jakinarazi zuen asmoa bertan behera uzteko erabakia. Bost oreneko eztabaida beroa izan zen eta oposizioak gobernua higatzeko baliatu zuen zergen aferarekin sorturiko krisia. Besteak beste, haren talde parlamentarioan ere zatiketa irudikatu zen. Baina erregaien zergen aferaz harago, oposizioak beste eskaerak egiteari ekin zion, tartean lan sariaren emendatzea, hauteskundeak berriz deitzea eta Gobernua beraren dimisioa mahairatuz.

“Gobernua prest da elkarrizketarako eta hala frogatzen ari da, 2019ko buxetetik erregaien zergen emendatzea kendu baitu” erran zuen Philippek eztabaida parlamentarioa egiten ari zen bitartean. Gisa horretan, Frantziako hedabideek aurreratu zuten albistea baieztatu zuen.

Orain ikusgai dago gobernuaren erabakiak azken asteetan Frantziako Estatuan sorturiko mugimendua baretzen ote duen. Izan ere, erregaien zergen emendatzearen kontrako protestek krisi politiko sakonagoa ekar dezakete. Besteak beste, heldu den astebururako iragarritako mobilizazioek bere horretan diraute.


RELATED NEWS