Kalamuaren legalizazioa eztabaidagai

Profesionalek aski kritikatua da debekuan oinarritzen den eta zaharkitutzat jotzen duten eredu frantsesa. Egun indarrean den politika huts egiten ari dela diote. Ildo horretan, abenduaren 4an nerabetasunari eta kalamuari buruzko konferentzia bat iraganen da Angelun.

Kazeta|04/12/2018 07:00|0 commment
Marihuana
Euskal Herriko menpekotasun eta alkohol zaletasun prebentziorako elkarteak eztabaida bat antolatu du azaroaren 4rako Angelun. (POLICÍA MUNICIPAL DE IRUÑEA)

1970eko abenduaren 31ko 70-1320 legea “eraginkortasunik gabea da eta batez ere, injustizia onartezinak sortzen ditu. Beraz, erreformatu egin behar da”. Horrela mintzo da Christian Ben Lakhdar ekonomialari publikoa eta urte ainitzetan droga eta drogazaletasunerako bulego frantsesean lan egindakoa.

Iritzi berekoa da Benedicte Desforges polizia ohia eta debekuaren kontrako polizia kolektiboaren sortzailea. “Debekuak desabantailak baizik ez ditu ekartzen.” Politika honen emaitza eza arrazoitzeko datu batzuk eman ditu: Estatu frantsesean kalamuaren kontsumoa %22koa da eta gainerako drogetan ere lehen lerroan kokatzen da estatua. “Portugalen 2000an kontsumoa zigorgabe gelditu zen eta plantan ezarritako politika arretan nahiz tratamenduan oinarritzen da. Ondorioz, kalamuaren kontsumoa %5ean apaldu da eta beste droga batzuk bigarren mailan gelditu dira”, adierazi du.

Gainera, Christian Ben Lakhbarren arabera, debekuari loturiko errepresioak kostu handia du. Polizia, jendarme, aduana, prokuradore, epaile, presondegi eta abarrekin, urtean 600 eta 700 milioi euro arteko estimazioa egin du Ben Lakhbarrek. Emaitza horrek ez ditu kontuan hartzen kostu sozialak eta osasunari loturikoak, ezta droga trafikoa dagoen auzoetan geldirik den ekonomia ere.

Legalizazioa, ekonomiarako onura

“1970eko legea aldatu behar dela erraten dugunean, kanabisaren arau koadroaz mintzatzen gara. Nire iritziz, gizarte eta osasunean kalte ttipiena eraginen duen arautegia hautatu behar dugu. Koadro anitz honetan klubetako kontsumoak eta autoekoizpenak lekua lukete. Gisa berean, kalamuaren ekoizle frantsesek kontrolaturiko kanabisa salduko litzateke. Hauek kalamu terapeutikoaren eta ongizate nahiz erlaxaziorako kalamu ez psikotronikoaren filialak dira”, argitu nahi izan du.

Errepresioak sortzen dituen kostuak saihesteaz gain, ikerlariak uste du estatuak eta tokiko ekonomiak irabaziak izanen lituzketela. Betiere, buruaskitasun nazionala izateko neurriak fite hartu beharko lirateke. Izan ere, Ben Lakhbarren iritziz, Ameriketako Estatu Batuetako elikagai, alkohol eta talde farmazeutikoak europar merkatuan sartuko dira. Osasun publikoaren onerako, autonomia lorgarria dela dio. Erraterako, Suitza erabat autonomoa da, Britainia Handia %60an den bitartean. Kanadak kalamua berriki legalizatu du eta lau urteko epea ezarri du buruaski izateko. “Estatu frantsesean kalamuaz dugun ezagutzarekin, epe laburrean autonomoak izan gintezke.”

Ilegala den kalamuaren merkatu frantsesa mila milioi eurokoa dela kalkulatzen da. Ben Lakhbarren ustez, sortuko litzatekeen ekonomiarekin (banaketa, talde eta tresnak, teknologia, zeharkako lanpostuak...) irabazi fiskaletan bi mila milioi lor litezke. “Kaliforniak droga banatzaile ttipiak zirenentzat laguntza programak ezarri ditu. Lehenik zerrendatik ezabatzen dira, ondotik formazio bat ematen zaie kalamuaren industrian sarrarazteko, enpresari edo langile gisa aritzeko”.

“Kalamuaren legalizazioa iraultza sozial bat da. Trafikoak auzo osoak inbaditu ditu eta honek guti batzuk aberastu eta biztanleen gehiengoa pobretzen du. Jendea ezin da botata utzi. Hezkuntza, formazioa eta eremu garbien garapena sustatu behar da”, segitu du ikerlariak. “Kanadako adibidea egokia da, osasun publikoan herrialde serioa baita. Nire iritziz, Kanadako eredutik aterako diren ondorioek Frantzian hartu beharreko erabakietan eragingo dute”.

Konferentzia eta eztabaida Angelun

Euskal Herriko menpekotasun eta alkohol zaletasun prebentziorako elkarteak (ANPAA), abenduaren 4an, arratsaldeko 19.00etan Angeluko Maison Pour Tous etxean konferentzia eta eztabaida saio bat antolatu du. Bertan nerabetasuna eta kalamua aztertuko dira eta legalizazioaren inguruko debatea idekiko da.

Christian Ben Lahkbar irakasleak eta Roger Lévy Baionako prokuradorearen ordezkari izandakoak parte hartuko dute. Konferentzia bereziki profesional mediku-sozialei eta hezkuntzako langileei zuzenduko zaie. Nerabetasunean, kalamuaren ezaugarrietan, zaintza tresnetan eta prebentzioan ezarriko da arreta. Gisa horretan kalamuaren inguruko tabuak eta mamuak uxatu nahi dira. Buraso eta herritar orori ere idekia da konferentzia.

Informazio gehiagorako: ANPA, Mercure Centre, Jean Leon Laporte etorbidea 25, 64600 Angelu- 0559636363- https://www.anpaa.asso.fr/