Baiona zaharreko postalaren beste aldea

Baiona Hiriko garbitasun eta segurtasun zerbitzuak lau eraikin “berehalako arriskuan” direla jakinarazi du. Baionako antzinako auzoak ondare historikoagatik eta edertasunagatik ezagunak badira ere, eraikin hauen mantenuak usu arazoak ekartzen ditu.

Kazeta|04/12/2018 14:00|0 commment
Captura_de_pantalla_2018-12-03_a_las_17
Baionako erdigune zaharreko lau eraikin “berehalako arriskuan” dira.

Baionako garbitasun eta segurtasun zerbitzuak badu lanik. Hiriaren erakusleiho ederraren gibelean, antzinako auzo eta eraikinen zaintzak arazo ainitz ekartzen dizkie bai jabeei, bai Herriko Etxeari. Egun, erdigune zaharreko lau eraikin “berehalako arriskuan” direla ondorioztatu du Herriko Etxeak.

Eraikin baten egoera eskasaren ondorioz biztanleen bizia arriskuan egon daitekeelarik, Baionako Hiriak badu legalki esku hartzeko konpetentzia. Ildo horretan, Jean-René Etchegaray auzapeza beharturik izan da lau eraikin berehalako arriskuan ezartzera. San Izpirituko Barroilhet karrika itsuko 5.a, Espainia karrikako 40.a, Tonneliers eta Galuperie arteko kantoia eta Euskaldunen karrikako 35-37.ak dira eraikin horiek.

Jean-Paul Salducci afera hauetaz arduratzen den kontseilariak erran du gai hau ezin dela arinkeriaz hartu. “Berehalako arriskuaz mintzatzen denean, eraikina erortzeko egiazko aukeraz ari gara”. Oraino ainitzen memorian gordeak dira Marseillako Aubagne karrikako hiru eraikinak erori zireneko irudiak.

Geldirik diren lanak

Herriko Etxeak eraikinak hustu eta inguruak segurtatu ondotik, etxejabeei galdegin die beharrezko lanak ahal bezain fite has ditzaten. Nahiz eta errefortzu lan batzuk egin izan diren, iduri du xantierrak geldirik direla. Etxejabeek auzi zibilen auzitegira jo dute beste arduradunen xerka. Daniel Curutchet Herriko Etxeko garbitasun eta segurtasun buruaren arabera, lanek eragingo dituzten gastuak garrantzitsuak izanen dira. Aditu berri baten ondorioen zain, orain prozedura geldirik da: “prozesu legala bukatzen den arte ezin dugu deus egin”, adierazi du Curutchetek.

Baionako Hiriak berrikuntzak egin nahi dituzten etxejabeak laguntzeko programa berezitu bat plantan eman du. Halere, Salducci kontseilariak zailtasunak azaldu ditu: “badira guk guhaurrek jakin gabe degradaturik diren eraikinak.” Barroilhet karrika itsuko adibidea da horietariko bat. Eraikinean arraildurak zirela oharturik, etxejabeek Herriko Etxearen zerbitzua jakinaren gainean jarri behar izan zuten. Egindako zundatze lanek erakutsi dute zurezko egiturek jada ezin dutela eraikina xutik atxiki.

Osasunaren kalterako edo desegokiak diren bizitegien 125 artxibategietatik, %90 Baiona zaharreko auzoetakoak dira. Batzuk Erdi Aroko eraikinak izanki, ainitz dira degradatuak. Alta, bizitegiekin dagoen arazoaren ondorioz, sozialki egoera kaskarrean den jendeak halako etxeetan bizitzea onartzen du. Daniel Curutchetek etxejabe batzuk duten jarrera kritikatu du, ekintza “sozial” bat egiten ari direlakoan, jendeen duintasuna bazter batean uzten dutelako.